Viena

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Vienako argazki batzuk.

Viena Europa erdialdeko Europako hiri bat da, Austriako hiriburua. 2017ko datuen arabera, 1,8 milioitik gora biztanle ditu, eta, bere metropoli-eremua (ondoko hiriguneak ere) kontatuz, ia 2,4 milioi.

Danubio ibaia igarotzen da hiritik.

Austriako legebiltzarraren eta gobernuaren egoitza daude bertan, bai eta Nazio Batuen Erakundearen egoitza bat ere.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo Viena dagoen lekuan, Paleolito garaitik bizi izan da gizakia. Erromatarrek kanpamendu militar bat eraiki zuten bertan, eta haren hondakin batzuk oraindik ikus daitezke.

Erdi Aroan eraiki zen gaurko hiriaren lehen gunea. Viena izena 881. urteko dokumentu batean agertu zen lehen aldiz.

Merkataritzak garrantzi handia izan du beti hiri honetan, Danubio ibaiari esker; izan ere, ibai hau oso egokia da merkatalgaiak leku batetik bestera txalupan edo ontzietan garraiatzeko.

Habsburgotarren leinuak ia zazpi mendez agindu du hiri honetan eta herrialde osoan, 1273tik hasita 1918ra arte. Hasieran, errege-erreginak ziren; baina gero eta lur gehiago menderatzen zutenez, Hungariako, Bohemiako eta Espainiako errege-erregina ere bihurtu ziren, eta, azkenik, enperadore: "Germaniako Erromatar Inperio Santua" deitutakoaren enperadore, hain zuzen ere. Haiei zor zaizkie hirian dauden jauregi eta museoetako asko.

Turkiarrak bi aldiz saiatu ziren hiria konkistatzen, geroago Europako beste herrialde batzuk ere konkistatu ahal izateko. Lehendabiziko setioa XVI. mendean izan zen, 1529an zehazki; bigarren setioa, ondoko mendean izan zen, 1683an, hain zuzen. Baina hiriak oso gotorleku sendoak zituen eta oso defentsa onak, eta bi aldi horietan turkiarrek porrot egin zuten eta ezin izan zuten hiria konkistatu.

1804an, austriar inperioko hiriburua bihurtu zen.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriko erdialdea Gizateriaren Ondare izendatu du UNESCO erakundeak. Hiriak leku interesgarri asko eskeintzen dizkie turistei. Haien artean, aipatzekoak dira Doneztebe katedrala, Vienako Estatu-Opera, enperadorearen udako egoitza izandako Schönbrunn jauregia, Karlskirche eliza barrokoa edo Ringstrasse kale ederra. Oso ospetsua da Prater izeneko parkea, bere noria handiarekin.

Bestalde, Viena oso ezaguna da, besteak beste, Europako musikaren hiriburua ere izateagatik: Beethoven, Mozart eta beste konpositore askok lan egin zuten eta bizi izan ziren hiri honetan. Bals izeneko dantza klasikoak oso harreman estua dauka Vienarekin.