Zenbaki lehen

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Zenbaki lehenak (120ra arte). Eratostenesen galbahea deitzen den metodoak 120ra arteko zenbaki lehenak erakusten ditu.

Zenbaki lehenen multzoa zenbaki arrunten azpimultzo bat da. 1 zenbakia baino handiagoak diren zenbaki arrunt guztiak biltzen ditu eta 1 zenbakiaz eta beren buruaz bakarrik zatigarriak dira.

Adibidez, 7 zenbakiak bi zatitzaile ditu soilik: 1 zenbakia eta 7 zenbakia bera. Horregatik, zenbaki lehena da.

Beste modu batera esanda, zenbaki arrunta lehena izango da bi zatitzaile desberdin bakarrik baditu, 1 zenbakia eta zenbaki arrunta bera.

1 zenbakiari zenbaki unitario deitzen zaio, bere buruaren zatitzaile bakarra delako.

Bi zatitzaile desberdin baino gehiago dituen zenbaki arruntari, zenbaki konposatu deritzo.

Adibidez, 4 zenbakiak bi zatitzaile desberdin baino gehiago ditu: 1, 2 eta 4. Horregatik, zenbaki konposatu edo laukizuzena da, puntu kopuruarekin laukizuzen bat sortu daiteke eta. Aldiz, zenbaki lehenekin soilik puntu ilara bat lortu dezakegu; horregatik, zenbaki lineal ere deitzen zaie.

100etik beherako zenbaki lehenak honako hauek dira: 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23, 29, 31, 37, 41, 43, 47, 53, 59, 61, 67, 71, 73, 79, 83, 89 eta 97.

Aritmetikako oinarrizko teoremak dioenez, 1 baino handiagoa den zenbaki arrunt oro, zenbaki lehenen biderkadura izan daiteke beti.