Zirkulazio-aparatua

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Gorriz margotuta arteriak agertzen dira, urdinez zainak, eta toraxaren erdian marroiz bihotza.

Zirkulazio-aparatua digestioan lortutako mantenugaiak eta arnasketaren bidez lortutako oxigenoa odolean garraiatzen dituena da. Odolak, odol-hodiek eta bihotzak osatzen dute, beraz.

Bihotza odola gorputz osora ponpatzen duen giharra da; ukabilaren tamaina du eta kaxa edo barrunbe torazikoaren erdialdean dago, bi biriken erdian.

Odolak, bihotzak bultzaturik, gorputz guztian egiten duen ibilbideari deitzen zaio zirkulazioa. Ibilbide hori bikoitza da:

  • Biriketako zirkulazioa: fase honetan, bihotzean karbono dioxidoz kargaturik dagoen odola birika-arteriatik atera eta biriketara heltzen da; han, karbono dioxidoa uzten du eta arnasketan hartu dugun oxigenoaz kargatzen da; azkenik, bihotzera itzultzen da birika-zainetik.
  • Zirkulazio orokorra: odola, oxigenoz beteta, bihotzetik irteten da aorta izeneko arteriatik eta gure gorputzeko atal eta zelula guztietara iristen da, oxigenoa garraiatuz; handik, karbono dioxidoa jaso eta bihotzera itzultzen da.

Bestalde, heste meharretik pasatzen den odolak digestioan lortu ditugun mantenugaiak jasotzen ditu.

Giltzurrunetara heltzen denean, odola iragazi eta garbitu egiten da; han utzitako hondakinak gernu edo txizaren bidez kanporatzen dugu.