Zur

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Etxola hau zurezkoa da.
Egur hau sutarako da.

Zura gauza askotarako erabiltzen den material bat da, gehienetan zuhaitzen enbor, adar edo sustraietatik ateratzen dena. Materia edo lehengai garrantzitsua da, horrekin etxeak eraiki eta altzariak eta artelanak egin daitezkeelako. Gaur egun, papera ere zurez egina dago. Sutarako erabiltzen denean, aldiz, egurra deitzen zaio; egurra da tximinia edo berogailuan erretzeko erabiltzen dena, etxe bat berotzeko, adibidez. Berez, ikatza edo petrolioa erabiltzen hasi baino lehenago, egurra erabiltzen zen su egiteko eta etxeak berotzeko. Horregatik, egurra sutarako erre egiten delako, erregai bat dela esaten da.

Zura desberdina da zuhaitz mota bakoitzean. Haritza altzariak egiteko erabiltzen da askotan, haren egurra oso gogorra delako. Astigarraren zura ere erabiltzen da altzariak egiteko, baina oso egokia da musika-tresnak edo jostailuak egiteko ere. Ezkiaren zura ordea, oso biguna da, eta horregatik gehienetan eskulturak egiteko erabiltzen da.

Lanbide zahar askok zerikusia dute zur edo egurrarekin; egurgileek zuhaitzak mozten dituzte; zurginek zura lantzen dute. Landare-ikatza ere egin daiteke egurra erabiliz. Dena den, gaur egun, aipatutako lanetako asko makinek egiten dituzte, fabriketan.

Wikibar.png
Blank user.svg BA AL ZENEKIEN?

Gaur egun, askotan esaten dugu mahai edo aulki bat "egurrekoak" direla; baina hori gaizki esanda dago; "zurezkoak" direla esan behar dugu. Izan ere, egurra beti sutarako erabiltzen da, eta zura, berriz, objektuak egiteko.