Atmosfera

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Lurreko atmosfera espaziotik ikusita


Atmosfera gure Lur planeta eta baita beste planeta batzuk ere inguratzen duen gasezko geruza da. Airez osatuta dago.

Gure atmosferak lurrazaletik 1.000 Km-ko altuera du, gutxi gorabehera. Atmosferak gas asko ditu, eta gas horiek batez ere beheko zatian daude (Lurretik gertu).

Atmosferako gas nagusiak (airean daudenak) nitrogenoa eta oxigenoa dira. Nitrogenoaren proportzioa %78koa da, eta oxigenoarena %21ekoa. Kopuru txikiagoan atmosferak beste gas batzuk ere baditu: argona, karbono dioxidoa eta ur-lurruna, batez ere.

Atmosfera oso garrantzitsua da Lurreko izaki bizidun guztiontzat. Atmosferarik gabe, landareak, animaliak eta gu hilko ginatake. Zergatik da hain garrantzitsua? Arrazoi hauengatik:

  • landareek fotosintesia egin ahal izateko karbono dioxidoa behar dute, atmosferan dagoena.
  • animaliek eta guk atmosferako oxigenoa behar dugu arnasketa egin ahal izateko.
  • atmosferak tenperatura aldaketa handiak ekiditen ditu; atmosfera egongo ez balitz, Lurreko tenperatura oso altua izango litzateke egunean eta oso hotza gauetan (Marten bezala)
  • atmosferan dagoen ozono-geruzak izaki bizidunak babesten ditu eguzkiaren izpi ultramore kaltegarrietatik. Ozono geruzarik gabe, izpi kaltegarri horiek bizidun guztiak hilko lituzkete
  • Lurrera iristen diren meteoritoak desintegratzen ditu.