Bermeo
Bermeo Bizkaiko herri bat da, kostaldean dagoena, Busturialdea izeneko eskualdean. Urdaibaiko itsasadarreko sarreratik oso hurbil dago. 34 km²-ko azalera du, eta 2015. urtean 16.752 biztanle zituen.
Bermeon arrantzak garrantzi handia izan du beti eta haren ekonomia arrantzaren inguruko sektorean oinarriturik dago, arrain-kontserbagintzan gehienbat.
Herriko jaiak (Andra Mariak) irailaren 7tik 16ra ospatzen dira.
Historiari begiratuta, 1236. urtean hiribildua bihurtu zen, Bizkaiko jaunak, Lope Diaz II.a Harokoak forua eman zionean.
Bermeoko euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bizkaiko euskalkiaren aldaera bat da herrian erabiltzen den euskara. Euskal hiztunen portzentaia handia da (% 73), baina erabilerak jaitsiera nabarmena izan du azken urteotan, adin-tarte guztietan. Adinekoen %60 inguruk eta umeen % 42k erabiltzen dute, baina gazteenen artean % 19k eta heldun artean % 29k bakarrik.
Bermeoko eraikin interesgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Bermeoko udaletxea: 1732an eraikitako monumentu historiko artistiko bat da. Bi eguzki-erloju ditu bere fatxadan.
- Ertzila dorretxea (Arrantzaleen Museoa): Portu zaharraren gainean dago, eta Erdi Aroan herria defendatzen zuten 30 dorreetariko bat zen. XV. mende bukaeran eraiki zen, eta gaur egun zutik dirauen bakarra da.
- Kasinoa:1894an eraikia. Nestor Basterretxea aretoa dago barruan, erakustoki bezala eta hitzaldi edo zinema areto bezala erabiltzen dena.
- Santa Eufemia Eliza: Portu ondoan dago, eta herriko zaharrena da. Bermeo herria sortu zen garaikoa omen da, XIII. mendekoa; baina gaur egun dagoen eraikina XV. mendekoa da.
- Santa Maria eliza: herriko eliza berriena da, XIX. mende erdialdean eraikia.
Bermeotar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Juan Akurio, Nao Victoria ontziko pilotua, Magallanesen espedizioan bizirik atera zenetariko bat.
- Benito Barrueta (Bermeo, 1873 - 1953), margolaria.
- Gregorio Solabarrieta (1900-1978), musikaria.
- Jose Maria Urtzelai (Bermeo 1903 - Busturia 1979), margolaria.
- Gonzalo Nardiz (1905-2003), politikaria, Eusko Jaurlaritzako sailburu izana.
- Nestor Basterretxea (1924-), margolari, eskultore eta zinegilea.
- Josu Erkoreka (1960-), politikaria, EAJren eleduna Espainiako Kongresuan.
- Izaskun Bilbao (1961), politikaria, Eusko Legebiltzarreko presidente ohia. 2009ko uztailaz geroztik, Europako Parlamentuko parlamentaria.
- Ricardo Odriozola (1965), biolinista eta musikaria.
- Lucía Etxebarria (1966), idazlea. Valentzian jaio zen baina aita bermeotarra du.
- Antonio Karmona (1968), futbolaria (Deportivo Alavés eta Eibar).