Dinosauro

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Tyranosaurus baten eta Triceratops baten arteko borroka.

Dinosauroak duela 230 eta 65 milioi urte bitartean (Mesozoikoa deitzen den historiaurreko garaian) bizi izan ziren animalia ornodun batzuk dira. Hipotesi asko daude dinosauroen desagerpenari buruz, baina onartuena meteorito handi batek lurra jo zuela da eta horren ondorioz hil zirela denak. Haien fosilei esker ezagutzen ditugu. Beste animalia espezie asko, aldiz, ez ziren desagertu; eta, gainera, gaur egungo hegaztiak dinosauroen ondorengoak direla uste da. Gaur egun, mila dinosauro espezie inguru ezagutzen dira, baina horietako asko azken urteetan deskribatu dira. Horregatik, ezagutzen ditugun dinosauroak planeta honetan bizi zirenen parte txiki bat baino ez dira.

Era askotako forma eta tamainak zituzten; haietako batzuk 30 metro luze ziren, gaur egun Lurrean dagoen animalienarik handiena, balea urdina, bezala. Batzuk haragijaleak ziren eta beste batzuk landarejaleak.

Gaur egungo narrastiek (krokodiloek, muskerrek, etab.) ez bezala, dinosauroak ez ziren narrasean ibiltzen. Bi hankakoak eta lau hankakoak zeuden, eta haietako batzuk korrikalari azkarrak ere izan zitezkeen.

Dinosauro guztiek arbaso bera dute; talde bat osatzen dute, alegia. Talde horren izena Dinosauria da.

Dinosauroen fosilak kontinente guztietan aurkitu dira, Antartika barne. Estatu Batuak, Kanada, Txina, Mongolia eta Argentina dira dinosauroen aztarnategirik aberatsenak dituzten herrialdeak.

Dinosauro hitza 1842an asmatu zen eta grekoz "musker beldurgarria" esan nahi du.