Simone de Beauvoir

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Simone de Beauvoir, 1967an.

Simone de Beauvoir (Paris, 1908ko urtarrilaren 9a -1986ko apirilaren 14a) idazle, filosofo eta feminista frantziar bat izan zen. Gai politiko, sozial eta filosofikoei buruzko liburuak idatzi zituen, bai eta literatura-lanak ere. Emakumeen eskubideen aldeko mugimenduan parte hartu zuen eta bere liburuekin feminismoaren teorialari bat bihurtu zen. Jean Paul Sartre filosofoaren bikotekidea izan zen.

Haren libururik arrakastatsuena Le deuxième sexe (Bigarren sexua) da, 1949koa. Liburu hau berehala itzuli zen hainbat hizkuntzatara eta mundu osoko mugimendu feministaren oinarri teorikorik handienetako bat izan zen XX. mendean. Hartara, Simone de Beauvoir emakumea gizonaren azpitik jarria zuen gizarte matxistaren kontrako pertsonaiarik ezagunenetako bat bihurtu zen.

Abortatzeko eskubidearen aldeko mugimenduan ere sartu zen; kontuan izan behar baita garai hartan, Frantzian bezala beste herrialde gehienetan ere, abortoa hilketatzat hartzen zela. Bestalde, ezkontza ere gaitzetsi zuen, emakumea senarraren mende jartzen zuelako legalki.

Literaturari dagokionez, 1954an Goncourt sari garrantzitsua eskuratu zuen, Les Mandarins izenburuko eleberriarekin, eta munduko idazlerik irakurrienetako bat bihurtu zen.