Zelula

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Landare-zelula batzuk.

Zelula, biologian, izaki bizidun guztien oinarrizko osagaia da; zelulaz osatuta gaude izaki bizidun guztiok. Eraikuntza-blokeen antzeko zerbait direla esan genezake. Zelula gehienen neurria 10 mikrometrokoa da (milimetro-milaren), eta 1 nanogramoko (gramo-bilioiren) masa dute; hala ere, zelula askoz handiagoak ere badaude.

Izaki bizidun batzuk zelula bakarrez osatuta daude, eta beste batzuek milioika zelula dituzte. Horregatik, izaki bizidunak horren arabera banatzen dira, daukaten zelula-kopuruaren arabera:

  • Organismo zelulabakar edo unizelularra: zelula bakarrez osatuta daude; adibidez, bakterioak eta legamiak.
  • Organismo zelulaniztun edo plurizelularra: zelula ugariz osatuta daude; hala nola gizakia, zeinak ehun bilioi zelula dituen.

Zelulen barnean, izaki bizidunen material genetikoa dago. Material genetiko hori DNA da, eta bertan organismoaren ezaugarri biologiko garrantzitsuenak daude. Genetika oinarrizko elementua da familia bereko izakien artean herentzia egoteko.

Zelula motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi zelula mota nagusi daude:

  • Zelula prokariotoak: ez dute nukleorik (adibidez, bakterioenak).
  • Zelula eukariotoak: nukleoa dute, eta bertan informazio genetikoa gordetzen da. Animalia eta landare oro zelula mota honetaz dago osatuta. Beraz, zelula eukariotak honela banatzen dira:
    • Landare-zelulak: inguruan zelula-pareta dute eta barnean klorofila; horregatik dira berdeak.
    • Animalia-zelulak: mintz mehe eta malgua dute, eta ez dute klorofilarik.

Nondik dator zelula hitza?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Hooke izeneko zientzialari batek asmatu zuen hitz hau 1665ean. Berak ikusi zituen lehen aldiz, gaur egun "mikroskopioa" deitzen dugun tresna batez esperimentu bat egiten ari zenean; esperimentu horretan, kortxo xerra fin-fin batzuk ebaki zituen eta, gero, ebaki horiei mikroskopioaz begiratu zien. Kaxa txikitxoen antzeko irudi batzuk ikusi zituen, eta kaxatxo horiek fraileak konbentuetan bizi ziren gela txikiak gogorarazi zizkioten. Gela horiek, latinez, "cella" deitzen ziren, eta gela txikia "cellula" esaten zen. Beraz, zelula hitzak "gelaxka", "gelatxo" edo "gela txikia" esan nahi du.

Nola osatuta daude zelulak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelula guztiek paretaren antzeko bat dute; paret hori mintz plasmatikoa deitzen da eta fin-fina da; mintz edo paret fin hori zelularen osagaiak barruan mantentzeko da. Zelularen parte edo osagai horiei "organulu" deitzen diete biologoek ("organo txikia" esan nahi du hitz horrek).

Batzuetan esaten da zelulak urez betetako globo baten antzekoak direla; baina ez da zehazki horrela. Izan ere, globo batek ez die uzten gauzei kanporantz edo barrurantz mugitzen, zelula baten mintzak bezala. Zelulentzat oso garrantzitsua da materialak mugitzea kanpotik barrura eta barrutik kanpora.

Zelulen mintz plasmatikoak egitura berezi bat du, eta horri esker ura eta beste mantenugai edo nutriente batzuk mugitzen dira zelula barrura edo kanpora. Izan ere, mintz horrek milaka irekidura ditu bere azalean, poro edo kanal deitutakoak, materialei barrutik kanpora edo kanpotik barrura mugitzeko; dena dela, material guztiak ez dira besterik gabe sartzen zelula barrura edo kanpora irteten: zelulak funtzionatzeko behar dituenak bakarrik sar daitezke haren barrura.

Zelulen funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelulek hainbat funtzio dituzte; horrek esan nahi du gauza desberdinak egin ditzaketela, programatuta dauden moduaren arabera. Adibidez, zelula batzuek oxigenoa eramaten dute gorputzaren parte edo ataletara; beste batzuek bakterio eta birusen inbasioen kontra babesten gaituzte. Zenbait zelulak gorputz osotik garraiatzen edo transmititzen dituzte seinaleak; adibidez, begiek burmuinari bidaltzen dizkioten seinaleak irakurtzen dugun bitartean. Landareen zelula batzuk gai dira eguzki-energiatik landarearentzako elikagaiak ateratzeko; prozesu horri fotosintesia deitzen zaio.

Azkenik, zelulek beste zelula batzuk sor ditzateke, zelula-banaketaren bidez: jatorrizko zelula beste bi zelula edo gehiagotan banatzen da, eta horrela sortzen dira zelula berriak.

Ikusi, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelularen barruko parteak ikusteko:

Wikibar.png
Blank user.svg BA AL ZENEKIEN?

Gizon edo emakume heldu baten gorputza 60-90 trilioi zelulaz osatuta dago, gutxi gorabehera. Hori ikaragarri kopuru handia da: zelulak berez mikroskopikoak diren arren, bata bestearen ondoan jarriz gero, 4,5 buelta emango genioke munduari!