Barazkizaletasun

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Barazkizaleen janari bat: dilista-hanburgesak, patata eta entsaladarekin.

Barazkizaletasuna (edo begetarianismoa) elikadura-sistema berezi bat da: animaliekiko errespetuagatik, baina baita osasun-arrazoiengatik eta bestelako arrazoiengatik ere, barazkizaleek ez dute animaliarik (haragia, arraina, itsaskiak...) jaten, baina bai, aldiz, esnea, arrautzak edo eztia. Baina begetarianismoaren barruan badago beste ikusmolde bat beganismoa deitzen dena; kasu honetan, beganoek ez dute animalietatik eratorritako inolako janaririk hartzen.

Barazkizaletasunaren arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, medikuek berek gomendatzen dute dieta barazkizalea; batez ere, gaixotasun kardio-baskularrak dituzten pertsonentzat, haragirik ez jatea gomendagarria baita. Hala ere, gehienetan, barazkizaleek nahita hautatzen dute elikadura-mota hau, hainbat arrazoirengatik:

* Arrazoi etikoak: Barazkizaleek uste dute animalia guztien bizitza errespetatu beharra dagoela, bai eta haien ongizatea ere. Adibidez, barazkizale batzuek esnea edo arrautzak jaten badituzte ere, ez dute hartzen haztegi handietan baldintza penagarrietan hazitako oiloen arrautzarik edota naturatik aparteko leku itxietan edukitako behien esnerik. Animaliengan probatutako edertasun-produkturik ere ez dute kontsumitzen.

* Arrazoi zientifikoak: barazkizale batzuen arabera, haragia jatea ez da oso komenigarria gizakion anatomiarentzat: gizakion heste luzeegiak ditugu, hortzak ere ez dira oso egokiak haragia jateko, eta urdailak ez du zuku azido nahikoa jariaten animalien haragia digeritzeko. Horregatik, haragia gizakion elikagai izateko koipetsuegia dela uste dute, eta horrek handitu egiten du gaixotasun kardio-baskularrak izateko arriskua. Gainera, haragiak toxinak ere baditu, hau da, animaliaren gorputzea sortzen diren substantzia toxikoak, are gehiago baldintza txarretan haziak edo hilak izan direnean.

* Arrazoi humanitario eta ekonomikoak: haragia oso garestia da ekoizteko, eta ur eta zereal edo labore askoren kontsumoa eragiten du; hau da, adibidez, oilasko-haragi on bat lortzeko, zereal-kopuru handia eman behar zaio oilaskoari jateko; edo ur-kopuru oso handia behi bati. Eta zereal horiek ogia egin eta munduko biztanle guztiak elikatu ahal izateko erabil litezke.

* Arrazoi ekologikoak: animaliak (behiak edo idiak bereziki) haztegi itxietan eduki nahi ez direnean ere, aire zabalean hazi nahi badira, esparru oso zabalak behar dira, animaliak mugitu eta belarra jan ahal izateko. Eta leku askotan, esparru zabal horiek eduki ahal izateko, edota animalientzako janaria diren zerealak landu ahal izateko, basoak bota egiten dituzte, eta hori arriskuan jartzen ari da Lur planeta osoko ingurumena.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]