Vikidia:Honi buruz

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Zer da Vikidia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidia 8-13 urte bitarteko umeentzako euskal entziklopedia bat da, adin-tarte horretako umeentzako moduko lexiko eta sintaxiarekin egina, euskara garbi eta errazean, eta umeen eskola-beharretara bereziki moldatua. Are gehiago, gure asmoa da adin horretako euskal umeek berek ere parte hartzea Vikidia egiten, haiek izatea interesatzen zaizkien artikuluak idazten dutenak, beharbada euren irakasleen laguntzarekin, eskolarako baliagarriak izan daitezkeen gaietan euren ekarpena eginez. Horregatik, irakasleei dei berezia egiten diegu proiektu honetan parte hartzeko eta euren ikasleak ere euskarazko Vikidia osatzera animatzeko. izan ere, nahi dugu euskarazko Vikidia hau baliagarri izatea eskolumeentzat, ez bakarrik euren eskola-lanak egin behar dituztenean kontsultatzeko, baina, baita ere, artikuluak idazteko ere. Vikidia Wikipediatik aparteko proiektua da. Frantsesez hasi zen 2006an eta ingelesez 2013an. Beste bertsio batzuk ere badaude, alemanieraz, holanderaz, katalanez, errusieraz, gaztelaniaz eta italieraz. Orain, euskaraz ere izango dugu, baina, esan beharrik ez dago, poliki-poliki joango gara eraikitzen.

Norentzat da Vikidia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidia 8-13 urte bitarteko umeentzat da, eskolako beharretara begira egina, baina ez bakarrik. Izan ere, euskara errazean idatzitako Wikipedia moduko bat izatea nahi dugu, eta, hartara, euskara ikasten ari diren helduentzat ere izan daiteke baliagarria. Edozeinek kontsutatu ahal du, nahi dugulako artikulu irakurterrazak eta ulerterrazak egotea, baina aldi berean informazio nahikoa dutenak ere. Wikipediaren bertsio laburtu edo errazago bat izatea nahi dugu, batzuetan Wikipediako artikuluak luzeak, konplexuak eta zailak izaten direlako.

Nork egiten du Vikidia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vikidia wiki proiektu irekia denez gero, edonork har dezake parte, artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz, beti ere hizkera garbia eta ulerterraza erabiliz; horretarako kontua ireki beharra dago. Vikidiaren bultzatzaileoi bereziki gustatuko litzaiguke Euskal Herriko eskola komunitatea osatzen dutenek parte hartzea Vikidia egiteko lanetan, umeek beraiek batez ere. Horretarako, dei berezi bat egin nahi diegu gure eskoletako ikasle eta irakasleei gure proiektu hau handitzen eta hobetzen laguntzeko. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu umeak animatzea artikuluak idatzi eta Vikidian argitaratzera, beraientzat ikasbide bikaina izan daitekeelako, parte hartze aktiboa izanik; heziketaren ikuspegitik, gainera, oso tresna interesgarria izan daiteke testuak egiten ikasteko. Eta Vikidia benetako entziklopedia bat izatea ere nahi dugu, ez bakarrik idazketa-ariketak egiteko leku bat. Bi helburuok batera lor daitezkeelakoan gaude: neska-mutilentzat oso motibagarria izan daiteke jakitea euren lana nonbait geratuko dela, edonork irakurtzeko edo zuzentzeko; eta gazteek ere berdin egin dezakete: besteek egindako lana osatu edo hobetu.