Berotegi-efektua
Berotegi-efektua edo negutegi-efektua hauxe da: atmosferaren beheko geruzetan dauden gasek Lurrean eragiten duten berotze naturala da. Gas horiek berotegi-gasak dira; ur-lurruna eta karbono dioxidoa, batez ere.
Berotegi-efektua oso garrantzitsua da Lurrean, hori gabe oso zaila izango bailitzateke Lurrean bizitzea; izan ere, hotz gehiegi egingo luke, eta landare eta animalia espezie askok ezin izango lukete biziri iraun.
Lurra berotzeko modu natural horri, beraz, berotegi-efektua deitzen zaio, landare-berotegiek bezala funtzionatzen duelako. Berotegietan, kristalezko edo plastikozko pareta gardenei esker, Eguzkiaren beroa sartzen da eta zati bat bertan geratzen da; horrela, giro epela sortzen da berotegietan, eta epeltasun horrek mesede egiten dio landareen hazkundeari.
Berotegi-efektu naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eguzki-izpiak atmosferan sartu, eta atmosferako gasak energia horren zati bat xurgatu eta berotu egiten direnean gertatzen da. Beste zati bat lurrera eta uretara iristen da; ondoren, bero hori atmosferara irradiatzen da. Berotegi-gasek bero hori harrapatu eta zati bat itzultzen dute, Lurra berotzen lagunduz.
Atmosferan berotegi-efektuko gas horien kantitatea handitu egiten bada, bero gehiago geratu egiten da harrapatuta, eta horren ondorioz, Lurraren tenperatura igo daiteke. Berotze globala deritzo horri.
Giza jarduerak eta berotegi-efektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Giza jarduerek berotegi-efektuko gasen kantitatea handitu egiten dute atmosferan: autoen motorrengatik, etxeetako berogailuengatik eta industriek sortzen dituzten errekuntzen hazkundeagatik (hauetan karbono dioxido eta ur-lurrun asko ekoizten baitira) mota honetako gero eta gas gehiago dago atmosferan.
Gasen kopurua handitzearen ondorioak atmosferan[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Klima ikertzen duten zientzialarien iritzi orokorra hau da: atmosferako gas kontzentrazioaren hazkundeak berotegi-efektu naturala areagotzen du, eta horrek, Lurreko bataz-besteko tenperatura igoaraziko duenez, klima-aldaketa gertatuko da.