Heroi

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Herkules heroia hidra delako munstroarekin borrokan.

Heroia goraipatzeko moduko ekintza arriskutsu bat (ekintza heroiko bat) kemen edo ausardia handiz egiteko gai den pertsona da; adibidez, norbait heriotzetik edo arrisku handi batetik salbatu, bere bizia emanez edo arrisku handian jarriz. Literaturan edo zineman ere agertzen dira heroiak, gaiztoen kontra borrokatzen diren pertsonaiak, edo gerra batean nabarmentzen diren soldaduak. Batzuetan, heroi horiek ahalmen handiak izaten dituzte, superbotereak; horiei "superheroiak" deitzen zaie. Halakoak dira Superman, Spiderman, Batman, etab., adibidez.

Heroi hitzak antzinako Greziako mitologian du jatorria. Heroiak erdi gizaki eta erdi jainkoak ziren, gizakiak baino indartsuagoak ziren eta moralki ere gizakien gainetik zeuden. Heroi horiek izaki soilek egin ezin dituzten ekintza handi eta gogoangarriak egiteko gai izaten ziren, munstro bat hil, adibidez. Horregatik, gizakiek haien ausardia eta indarra goraipatzen zituzten, eta bitartekari bezala erabiltzen zituzten jainkoen aurrean, haien laguntza eskatzeko edo haien haserrea arindu edo gutxitzeko.