Piano

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Kontzertuetarako Steinway & Sons isats-pianoa.

Pianoa teklak dituen musika-instrumentu bat da. Normalean 88 tekla ditu, 52 txuriak eta 36 beltzak. Tekla txuriek Do Maiorreko eta La Minorreko eskalak eratzen dituzte, jotzen errazenetakoak diren eskalak, hain zuzen. Tekla beltzek tonuerdiak sortzen dituzte. Do Maior edo La Minor ez den eskala bat sortu nahi badugu, tekla beltzak erabili beharko ditugu. Tekla guztien multzoari teklatua deitzen diogu.

Diseinu aldetik, bereizi egiten ditugu horma-pianoa eta isats-pianoa. Horma-pianoa paretaren aurka jartzen den altzari baxu baten antzekoa da. Piano mota honetan, hariak modu bertikalean daude jarrita, pixkatxo bat inklinatuta. Isats-pianoa handiagoa da eta askoz soinu handiagoa du. Hariak horizontalki jarriak daude. Isats-pianoak areto handietan eta kontzertuetarako erabiltzen dira.

Steinway & Sons horma-pianoa.

Gaur egun, piano elektronikoak ere badaude; hauetan, soinua ez da mailu eta hariekin sortzen: tekla bat sakatzean, ordenagailu batek soinua kalkulatzen du.

Nola funtzionatzen du pianoak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideo honetan ikus dezakezu pianoaren mekanismoa.

Pianoaren barnealdean, tekla txuriak eta beltzak mailu txiki batzuekin konektaturik daude. Mailu txiki horien atzean, hariak daude tenkaturik, gitarra batean bezala. Pianoko teklak sakatzen direnean, mailu txikitxoek hariak jotzen dituzte; orduan hariak bibratzen hasten dira eta soinuak sortzen dituzte. Tekla zeinen indartsu sakatzen den, eta hatza zenbat denboraz mantentzen dugun, soinuak gehiago edo gutxiago iraungo du.

Mailuek hari bat baino gehiago jo ditzakete aldi berean; horrek soinu osatuago bat sortzen du. Hariek dagokien soinua sor dezaten, behar bezala tenkaturik egon behar dute, eta hori da piano-afinatzaile batek egiten duen lana.

Ezkerreko aldean soinu baxu eta grabeenak sortzen dituzten teklak daude; eta zenbat eta eskuinerago jo, tonuak gero eta altuago edo agudoagoak dira. Pianoaren azpiko aldean dauden pedalak zapalduta, tonuak suabeagoak izatea lor daiteke, baita tonuak mantendu edota oso azkar bukatzea ere.

Nork asmatu zuen pianoa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teklatuak XII. mendetik existitzen dira gutxienez. Baina teklatu horiek tuboak zituzten organoetan erabiltzen ziren. Teklatu horiek, hasieran, gaur egungoak baino sinpleagoak ziren; adibidez, ez zuten tekla beltzik tonu baxuenetan.

XV. mendean asmatu zen beste tekla-instrumentu bat, pianoa baino lehen: klabizenbaloa. Kanpotik ikusita, piano bat dirudi, baina barruan duen mekanismoa ezberdina da. Hariak ez dira jotzen, luma batez igurtzitzen dira. Ondorioz, pianoak ez bezalako soinua sortzen du. Garai horretakoa da, gutxi gorabehera, espineta izeneko beste instrumentu bat ere: Giovanni Spinettik asmatu zuen, eta klabizenbaloa baino isilagoa da, baita txikiagoa ere, baina jotzeko modua berdina da. Musikariek etxean erabiltzen zuten espineta, praktikatzeko.

Gaur egun ezagutzen dugun pianoa Bartolomeo Cristofori italiarrak asmatu zuen. Asmatzaile hori Florentzian bizi izan zen XVII. mendean. Berak asmatu zuen mailuaren mekanismoa, eta horregatik adituek mailu-pianoa deitzen diote. Horri esker soinu ozenak kolpe indartsuekin eta soinu baxuak kolpe ahulekin jo daitezke. Soinu asko hari bat baino gehiagoz sortzen direnez, pedalek beste soinu mota batzuk sortzen dituzte.

Musikaren munduan, dinamiken, hau da, bolumenaren intentsitatearen izenak ezberdinak dira; soinu ozena denean, “forte” deitzen da, eta soinua baxua denean “piano” deitzen da. Hortik datorkio izena pianoari: hasieran, pianoforte deitzen zitzaion, hain zuzen, baina gero piano laburtuarekin geratu zen. Tonu baxuan edo altuan jo daiteke.

Entzun piano-musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen duzu piano-musika doinu ezagun bat, afroamerikar ragtime estilokoa:

"The entertainer" (1902), Scott Joplin