Sozialismo

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Sozialismoaren alegoria.

Sozialismoa pentsamendu, mugimendu edo doktrina politiko, sozial eta ekonomiko bat da, gizartearen interes orokorra banakoen interesen gainetik nagusiarazi eta gizarteko klase apalen alde egitea bilatzen duena, Estatuaren erakundeez baliatuz. Nolanahi, hitz edo termino horrekin joera politiko desberdinak izendatzeko erabili izan da denboran zehar, hasi sozialdemokraziatik eta marxismoraino edo sozialismo iraultzaileraino.

Sozialismoa XIX. mendean sortu zen, Industria Iraultzaren garaiko langileen bizimodu latzaren aurka borrokatzeko; bereziki, Karl Marxen doktrinan du jatorria, marxismoan, alegia.

Oro har, kapitalismoaren aurkako mugimendu moduan eratu zen, gizarteko baliabideen eta aberastasunaren banaketan oinarrituta, pertsona guztiei bizimodu duina eman ahal izateko.

Historikoki, ezkerreko joera politikoen artean kokatu da, justizia soziala, berdintasuna eta elkartasuna bilatzen dituzten indar politikoen artean.

Sozialismoaren oinarrizko ideiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozialismoa kapitalismoaren gizarte eta ekonomia ereduaren kontra borrokatzeko sortu zen, kapitalismoan kapitalaren eta ekoizpen-bitartekoen jabeak bere borondatea inposatzen dielako enplegatzen dituen soldatapeko langileei. Sozialismoaren hasierako teoriaren arabera, ekoizpen-bitarteko horiek gizartearenak izan behar zuten, biztanle guztienak, alegia. Bitarteko horien erabilera langileek beraiek erabakiko zuten, autokudeaketaren bidez, edota Estatuak berak, horrela bakarrik izan zitekeelako posible biztanle guztiek bizimodu duina izateko bitartekoak edukitzea, gizarteak sortutako aberastasuna biztanle gutxi batzuen esku geratu gabe. Sozialismoak, beraz, gizarte zuzenagoa eta berdinagoa sortu nahi du, diruaren pribilegioan oinarrituta ez dagoela; gainera, askatasun handiagoa eman nahi die gizakiei, beraiei eta gizarteari berari dagozkien erabakietan.