Albaitari

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Albaitaria zakur bat artatzen.

Albaitariak animalien medikuak dira. Haien gaixotasunak prebenitzen, diagnostikatzen eta sendatzen dituzte. Ebakuntzak egin eta sendagaiak agindu ditzakete. Medikuntzaren adar honi albaitaritza deitzen zaio.

Albaitari bilakatzeko, unibertsitatean ikasi eta albaitari-medikuntzan doktore deitzen den titulua lortu behar da. Horretarako, gutxienez, lau urte behar dira. Albaitariak hainbat alorretan espezializatu daitezke; adibidez, batzuk etxeko animaliez bakarrik arduratzen dira.

Unibertsitatearen ondoren, animaliak artatu baino lehen, albaitariek estatu-azterketa bat gainditu behar izaten dute; horren ostean erabakitzen dute non egin nahi duten lan. Albaitari asko ospitaleetan edo kliniketan aritzen dira. Beste batzuek haien negozio propioak irekitzen dituzte.

Jende askok uste du albaitariak etxe-animalien medikuak direla, baina oso garrantzitsuak dira zoologiko eta baserrietan ere. Baserritarrek beren negozioa gal dezakete gaixotasun batek abere asko hiltzen badizkie. Albaitariak animaliak gaixotasunik gabe mantentzen saiatzen dira. Gainera, abereei ugaltzen eta erditzen ere laguntzen diete. Horixe bera egiten dute zoologikoetako animaliekin. Hori bereziki garrantzitsua da, galtzeko zorian dauden animalia asko zoologikoetan bizi baitira.

Albaitari guztiek ez dituzte animaliak artatzen. Batzuek albaitaritza irakasten dute, beste batzuek ikerketa-lanak egiten dituzte eta sendagai hobeak bilatzen dituzte. Gainera, albaitari batzuk animalietatik gizakietara zabaldu daitezkeen gaixotasunak kontrolatzen saiatzen dira.

Badirudi albaitaritza K.a. 2000. urtean hasi zela Babilonian eta Egipton. Erdi Aroan albaitaritza ia desagertu zen. Gero, XVIII. mendean, gaixotasun batek Europako abere-talde asko hil zituen. Horrelakorik berriro ere ez gertatzeko, albaitaritza-eskolak ireki ziren Europan, eta laster mundu osora zabaldu ziren.