Antzinako Egipto

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Gizako esfinge handia eta, atzean, Kefrenen piramidea.

Antzinako Egipto Nilo ibaiaren behe ibilguan eta ertainean barrena sortu zen zibilizazio bat izan zen. Hiru garai historiko desberdin bereizi ohi dira: Inperio Zaharra, Inperio Ertaina eta Inperio Berria.

Nilo ibaiaren deltan hasi, iparraldean, eta Elefantina uharteraino (Assuan hirian, Niloren lehenengo ur-jauzian, hegoaldean) hedatzen zen, eta Eufratesetik Gebel Barkaleraino izan zuen eragina, hedapen zabaleneko garaietan. Haren lurraldeak barne hartu zituen, aldi ezberdinetan, ekialdeko basamortua eta itsaso Gorriaren itsasertza, Sinai penintsula eta mendebaldeko lurralde zabal bat, sakabanaturik zeuden hainbat oasi bere baitan hartuta. Historikoki, Goi eta Behe Egipto aldeak bereizten ziren, bata hegoaldean eta bestea iparraldean, hurrenez hurren.

Antzinako zibilizazio egiptoarra 3.000 urte baino gehiagotan zehar garatu zen. Nilo ibaiaren ibarreko hainbat hiriren bateratzearekin hasi, K.a. 3150 inguruan, eta K.a. 31 urtean amaitu zen, erromatar Inperioak Egipto ptolomeotarra konkistatu eta bere egin zuenean, azken hau Estatu bezala desagerraraziz. Gertaera honek ez zuen menderatze atzerritarraren lehen aldia irudikatu, baina Nilo ibaiaren ibarreko bizitza politiko eta erlijiosoaren mailaz mailako eraldaketa ekarri zuen, eta haren kulturaren garapen askearen amaiera iritsi zen.