Erromatar Inperioa

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Erromatar inperioak lortutako hedapenik handiena, 117. urtean.

Erromatar Inperioa Antzinako Erromaren garaiko sistema politiko bat da, gure aroko I. mendetik V. mendera bitarte luzatu zena, zeinetan gizon bakar batek (enperadoreak, alegia) botere guztia baitzuen, eta ez Erromako Senatuak, Errepublikaren garaian ez bezala. Augusto izan zen lehen enperadorea. Historialariek bitan banandu dute Erromatar Inperioa: Printzipatua eta Dominatuan. Lehenengoan, enperadorearen botere absolutua Errepublikako ohituren azpian ezkutatzen zen; dominatuan, berriz, botere inperiala argiago erakusten zen, urrezko koroen eta erritu sakratuen bidez.

Erromatar inperioaren estandartea.

Bestalde, Erromatar Inperioa izenarekin Erromak konkistatu eta bere menpe zeukan eremu geografikoa ere adierazten du. Erroma hiriaren hedapena inperioa sortu baino lehenago hasi zen, baina zabalkuntza handiena sistema inperialarekin lortu zen, Traianoren agintaldian hain zuzen ere. Garai horretan, erromatarrek, gutxi gorabehera 5.900.000 km² zituzten haien menpe. Hortaz, Europako Antzinateko inperiorik handiena izan zen erromatarrena.

Erromako enperadoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enperadorearen botereak legezko oinarria zeukan, tribuno eta prokontsulen botereak baitzituen (potestas tribunicia eta imperium proconsulare). Tribunoen botereak Erromako gobernu zibilaren gaineko ahalmena ematen zion enperadoreari (Senatuko burua izateko eta hango bilkurak zuzentzeko ahalmena, adibidez), eta haren bidez enperadoreak izaera sakratua eskuratu zuen.

Prokontsulen botereak (prokontsulak Errepublikaren garaiko gobernatzaile militarrak ziren) agintea ematen zion erromatar armadaren gainean. Gainera, enperadoreak beste botere batzuk zituen Errepublika garaian Senatuak zituenak: gerra deklaratzeko, itunak berresteko, eta kanpoko agintariekin negoziatzeko eskubidea.

Horretaz gain, enperadoreak erakunde erlijiosoak ere bere mende zituen; izan ere, enperadoreak Pontifex Maximus titulua zeukan; hau da, Erroma osoko apaiz gorena eta erromatarren erlijioko karguruik ohoretsuena zen.

Legezko ezaugarri horiek Inperioaren lehen urteetan zehar zehaztu ziren, baina, denborak aurrera egin ahala, galdu egin ziren, eta enperadoreak errege baten antz handiagoa hartuz joan ziren. Berez, armada bere eskumenean edukitzeak ematen zion enperadoreari bere botere eta autoritate nagusia. Enperadoreak ordaintzen zien soldaduei, eta horiek leialtasuna zin egin behar izaten zioten.

Enperadorea hiltzen zen bakoitzean, egonezina nagusitzen zen modu batean edo bestean. Teorian, senatuari zegokion hurrengo enperadorea izendatzea, baina enperadore gehienek hautatu zuten ondorengoa, askotan senide bat. Enperadore berriak herriaren eta armadaren onespena bilatu behar izaten zuen, egoera politikoa egonkortzeko.

Ikusi hauek ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]