Intsektu

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Zenbait intsektu

Intsektuak animalia ornogabe mota bat dira. Ezaugarri hauek dauzkate: antena pare bat, hiru hanka pare eta bi hegal pare (hala ere, batzuetan, hegal gutxiago izaten dituzte, edo bat ere ez).
Intsektuak aztertzen dituen zientziari entomologia deitzen zaio.

Intsektuak Lurreko animalia talderik anitzena dira. Gutxi gorabehera milioi bat espezie daude deskribatuta (beste animalia talde guztiak batera baino gehiago) eta 30 milioi espezie daude oraindik deskribatu gabe; beraz, denak kontuan hartuta, planetako bizidunen % 90 baino gehiago osatuko lukete intsektuek.

Intsektuak planetako ingurune ia guztietan daude; dena den, oso espezie gutxi egokitu dira ozeanoetako bizitzara.

Askotan, jendeak pentsatzen du besteak beste ehunzangoak, milazangoak, eskorpioiak eta armiarmak (lurreko artropodoak dira horiek guztiak) intsektuak direla, antzeko gorputz-egitura dutelako, baina erraz desberdin daitezke; izan ere, intsektuek hiru hanka pare dauzkate, eta eskorpioi eta armiarmek lau pare; gainera, ez dute antenarik. Ehunzangoek eta milazangoek hanka pare asko dituzte.

Kanpoko anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuen gorputzak hiru eremu nagusi ditu (tagma deiturikoak): burua, toraxa eta abdomena. Exoeskeleto batek estaltzen ditu.

Exoeskeletoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Exoeskeletoa kanpoko eskeletoa da, intsektuen eta beste artropodoen gorputza osorik estaltzen duena.

Burua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burua gorputzaren barruko zatia da; kapsula-forma du, eta begiak, antenak eta aho-piezak dauzka.

Begiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektu gehienek begi konposatu parea daukate, eta nahiko begi handiak dauzkate. Begi konposatu bakoitzaren azalera hainbat eremu zirkularretan edo hexagonaletan zatitzen da, eta zati horiei fazeta edo omatidio deitzen zaie. Fazeta bakoitza bisualizazio-unitate bakarreko leiar bat da.

Antenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzapen mugikor eta artikulatuak dira. Intsektu helduek eta beldar gehienek bi antena izaten dituzte.

Antenen funtzioa gehienbat zentzumenekin lotuta dago eta hainbat zeregin betetzen ditu. Funtzio nagusia ukimenezkoa da, antena osoa estaltzen duten ukimen-ileei esker; baina usaimen-funtzioa ere betetzen dute. Baita entzumen-funtzioa ere.

Aho-piezak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pieza mugikorrak dira eta buruaren barruan artikulatzen dira. Haien eginkizuna elikadurarekin lotuta dago; elikagai solidoak edo gogorrak birrindu, hortzikatu eta mastekatzen dituzte eta likidoak edo erdi-likidoak xurgatzen dituzte.

Toraxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toraxa gorputzaren erdiko gunea da, eta hankak eta hegalak eusten ditu (intsektu batzuek ez dute hegalik, eta intsektu heldugabe askok eta heldu batzuek ez dute hankarik).

Abdomena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuen abdomenak 11 segmentu izan ohi ditu, baina azkena oso txikia da; horregatik, oso gutxitan ematen du segmentu kopurua 10 baino handiagoa dela.