Ornogabe

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Barraskiloak animalia ornogabeak dira.

Ornogabeak bizkarrezurrik edo barne eskeletorik ez duten animaliak dira. Ornogabe hitzaren kontrakoa ornodun da; beraz, bizkarrezurra edo barne eskeletoa duten animaliak dira ornodunak.

Ornogabeak munduko leku guztietan aurki daitezke; izan ere, gaur egun bizi diren animalia espezie ia gehienak dira ornogabeak, %97 inguru, zientzialarien arabera.

Multzo honen barruko animaliak hainbat azpimultzotan banatzen edo sailkatzen dira; nagusienak honako hauek dira:

  • Anelidoak: gorputz segmentatuak, luzeak eta bigunak izaten dituzte. Harrak eta zizareak, adibidez.
  • Artropodoak: gorputz artikulatua dute, eta kanpo eskeletoa, babesteko. Lau talde nagusi daude: araknidoak (armiarma eta eskorpioiak), krustazeoak (karramarro eta otarrainak), intsektuak eta miriapodoak (ehunzangoak).
  • Knidarioak: garro edo ile erresumingarriak dituzten itsas animaliak dira; anemonak, marmokak eta koralak.
  • Ekinodermatuak: Karezko plakez osatutako eskeletoa dute eta itsas hondoko harean edo harkaitzetan bizi dira; itsas izarrak eta itsas trikuak, adibidez.
  • Moluskuak: gorputz biguna dute, baina gehienek maskorra dute gorputza babesteko; gehienak uretan bizi dira. Oso ugariak dira fosiletan. Hiru talde nagusi daude: gasteropodoak (barraskilo eta bareak), zefalopodoak (olagarro eta txipiroiak) eta bibalboak (ostrak, txirlak eta muskuiluak).

Animalia ornogabeek oso forma eta tamaina desberdinak dituzte: haietako batzuk mikroskopikoak dira; baina txipiroi erraldoia, aldiz, ia 20 m luze izatera irits daiteke.

Ornogabeak dira animaliarik sinpleenak; haien artean sartzen dira zelula bakarreko protozooak, belakiak eta uretan bizi diren beste animalia sinple batzuk.

Jelly cc11.jpg Lucanus-cervus-femininum.jpg
Nerr0328.jpg European brown snail.jpg
Ornogabe batzuk