Lurrikara

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Lurrikara baten eskema, hipozentroa, epizentroa eta failarekin.

Lurrikara edo seismoa lurrazalak izaten duen mugimendu edo astinaldi indartsua da. Lurrazala hainbat plaka edo blokez eginda dago; plaka tektoniko deitzen diren horiek mugitzen dira, oso poliki, baina batzuetan talka egiten dute punturen batean batak bestearen kontra.
Talka edo astinaldi bortitz hori Lurraren barruan gertatzen da, eta uhin batzuk sortzen ditu; uhin horiek hedatzen joaten dira, eta, lurrazalera iristean, lurrazala dardarka bezala hasten da.
Lurrikara sortu den puntuari hipozentroa deitzen zaio. Hipozentroa Lurraren barruan egoten da.
Hipozentroaren gainean lurrazalean dagoen puntuari, berriz, epizentroa deitzen zaio. Lurrikara bat gertatzen denean, batzuetan, kalte handiak eta hildakoak ere gertatzen dira epizentroan dauden hirietan eta haien eraikinetan; beste batzuetan, lurrikara itsasoan edo itsasotik hurbil gertatzen denean, olatu handiak sor daitezke, tsunami deitutakoak, eta horiek ere kalte handiak eragin ditzakete itsasertzaren kontra jotzen dutenean.

Etxe bat, lurrikararen eraginez eroria. 2016ko apirilaren 16a, Ekuador.

Lurrikarek eragiten dituzten kalteak larriagoak izan daitezke gizakion erruz; izan ere, lurrikarak gertatzen diren lekuetan, eraikuntzetan ez bada ipintzen lurrikarak kalterik gabe jasan ahal izateko sistemarik, eraikin asko eror daitezke, eta orduan hil daitezke pertsona asko. Kontuan izan behar da plaken arteko haustura edo failak dauden lekuetan gertatzen direla lurrikarak. Zoritxarrez, horrelako failak dauden leku guztietan ez daude ondo prestatuta lurrikaren eragin kaltegarriei aurre egiteko.

Nola neurtzen da lurrikaren indarra?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrikarek sortutako uhinen indarra neurtzeko tresnak sismografoak dira. Bestalde, lurrikaren indarra eta ahalmen suntsigarria neurtzeko eskala batzuk ere erabiltzen dira; haien artean ezagunena Richterren eskala izenekoa da. Berez, Richterren eskalak 2,0 eta 6,9ko magnitudeen artean banatzen dute lurrikaren indarra; baina lurrikarak ikertzen dituzten zientzialariek (sismologoek) beste eskala bat ere erabiltzen dute, 10 artekoa. Horregatik, ez dago ondo batzuetan prentsan esaten dutena, alegia Richterren eskalan 7,5eko magnitudea duen lurrikara bat gertatu dela.

Inoiz neurtu den lurrikararik indartsuena 1960an gertatu zen, Txileko Valdivia hirian: lurrikara hark 9,5eko magnitudea izan zuen. Txileko Lurrikara Handia deitu zitzaion, eta ez dago oso garbi zenbat hildako eragin zituen; 1.000 eta 7.000 bitartean izan omen ziren.