Matematika

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Batuketa-taula.

Matematika zientzia bat da, zenbakiak, neurriak eta irudi geometrikoak aztertzen dituena; gure bizitzako hainbat esparrutan behar diren kalkuluak egiteko balio du; adibidez, daukagun diruarekin denda batean zer eros dezakegun jakin ahal izateko. Baina eroriko ez den zubi bat egiteko, etxeak eraikitzeko eta beste hainbat gauzatarako ere behar dira kalkulu matematikoak. Kalkulu horiek egiteko, matematiketan zenbakiak, sinboloak eta formulak erabiltzen dira.

Gizakiak asmatutako zientziarik antzinakoenetako bat da matematika. Duela 3.500 urte baino gehiago hasi ziren matematika lantzen garai hartako zibilizaziorik aurreratuenek: babiloniarrek, egipziarrek, greziarrek, bai eta txinatarrek ere.

Matematikarik gabe, ez genuke izango ez ordenagailurik, ez Internet ere, eta eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun gauza asko ere. Matematikak, gainera, beste zientzia askoren oinarrizko tresna dira.

Horregatik, matematika oso garrantzitsua delako, eskoletan irakasten da. Haur eskoletan, umeek kontatzen ikasten dute lehendabizi, zenbaki txikiekin hasiz, eta gero eta zenbaki handiagoak erabiliz ondoren. Geroago, oinarrizko lehen bi eragiketak ikasten dira: batuketa (zenbakiak batzen) eta kenketa (zenbaki bati beste bat kentzen). Geroago, biderketa eta zatiketa. Zenbakiekin egiten diren kalkuluei aritmetika ere deitzen zaio. Geroago, geometria ere ikasten da: luze-laburra neurtzen eta angeluak marrazten ikasten da. Azalera sinpleak neurtzen eta kalkulatzen dira: triangeluak, zirkuluak, laukiak, etab. Hori eta gero, hiru dimentsioko gorputzak ikasten dira: kuboa, piramidea, esfera, etab. Gutxi gorabehera, hori da Lehen Hezkuntzan ikasten den matematika.