Sabinar emakumeen bahiketa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Sabinar emakumeen bahiketa, Jacques-Louis David margolari frantsesarena (1799).

Sabinar emakumeen bahiketa kondaira edo gertaera mitologiko bat da, erromatarrek sabinar tribuaren emakumeak nola bahitu zituzten kontatzen duena.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairaren arabera, Erroma fundatu ondoren, Romulok inguruko hiri latindarretatik iritsitako iheslari eta gaizkileak onartu zituen, gehien-gehienak gizonezkoak; baina hiri bat sortu ahal izateko, emakumeak ere behar ziren, eta Kirinal muinoan bizi ziren sabinar tribuko emakumeei bota zieten begia.

Emakumeak erakartzeko, Romulok festa handi bat antolatu omen zuen, gurdi-lasterketa eta oturuntza handiekin, Neptuno jainkoaren omenez.

Festak eta kirol-jokoak hasi eta sabinar gizonezkoak mozkortuta zeudela aprobetxatuz, erromatar gizonezko bakoitzak emakume bat bahitu zuen. Erromatarrak emakume bahituak lasaitzen saiatu ziren, haiekin ezkondu nahi zutela esanez, eta harro sentitu beharko zutela esplikatuz, Erroma jainkoek aukeratutako hiria baitzen. Emakume sabinarrek baldintza bat jarri zuten ezkontzeko: etxean, beraiek aginduko zuten gizonen gainetik, eta bakarrik josteaz arduratuko ziren, beste etxeko lanak alde batera utzita. Sabinar gizonezkoak etxera itzuli zirenean, trikimailuaz konturatu eta gerra deklaratu zieten Erromako latindarrei, haserre bizian jasandako traizio bikoitz harengatik (alde batetik, erromatarrek eginiko bahiketagatik, eta, bestetik, sabinar emakumeek erromatarrekin ezkontzeko prest egoteagatik). Erromari erasotzeko, Tarpeia izeneko emakume sabinar baten laguntza izan zuten.

Erromatar eta sabinarren arteko borrokaldian, emakume sabinarrak bi taldeen artean jarri ziren, eta borrokan ez jarraitzeko eskatu zieten batzuei eta besteei; izan ere, erromatarrek irabaziz gero, beraien guraso eta nebak galduko zituzten, eta sabinar gizonek irabaziz gero, berriz, beraien semeak eta senarrak galduko zituzten. Azkenean, oturuntza edo bankete oparo bat ospatu zuten, bi herrien arteko adiskidetzea ospatzeko. Tito Tazio Sabiniako erregeak, eta Romuko Erromakoak diarkia edo bi erregeko aginte bat sortu zuen, Titoren heriotza egunera arte iraun zuena.