The Beatles

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
The Beatles taldea 1965ean.

The Beatles Erresuma Batuko musika-talde bat izan zen. Pop eta rock musika egiten zuten, eta ospe handia izan zuten mundu osoan XX. mendeko 60ko hamarkadan, oso musika berria izan zelako garai hartan. Munduan disko gehien saldu duen musika-banda da.

Liverpool hirian sortu zen, 1959an; hasierako kideak John Lennon, Paul McCartney, George Harrison eta Pete Best izan ziren; baina azken honek hiru urte geroago utzi zuen taldea, eta, haren ordez, Richard Starkey sartu zen, Ringo Starr ezizenarekin. Ringo Starrek bateria (musika) jotzen zuen, eta beste hiruek kantatu eta gitarra jotzen zuten.

Lehendabiziko urteetan, ezezagun samarrak ziren baita Erresuma Batuan ere. Baina 1963an ospe handia irabazi zuten "I Want To Hold Your Hand" abestiarekin. Hortik aurrera, mundu osoko musika-bandarik ospetsuena izatera iritsi ziren eta herrialde askotara bidaiatu zuten kontzertuak ematera. Haien abestirik ezagunenetako batzuk "A Hard Day's Night", "Yesterday", "The yellow submarine" eta "Let It Be" dira. Film batzuk ere egin zituzten.

Denborarekin, taldeko kideen arteko ezinulertuak sortu ziren eta, horren ondorioz, 1970ean taldea desegin zen. Ondoren, haietako bakoitza bere kabuz hasi zen jotzen, bakarka edo beste banda batzuekin. Paul McCartneyk eta Ringo Starrek oraindik jarraitzen dute musikaren munduan. John Lennon, aldiz, 1980an hil zuten tiroka; eta George Harrison gaixotasun batez hil zen 2001ean.

Zergatik lortu zuten ospe handia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikan hasi zirenean, Liverpool hirian, 60ko hamarkadaren hasieran, jende askoren egoera ekonomikoa oso txarra zen; Liverpoolen, adibidez, lanpostu asko galdu ziren portuan eta jende asko lanik gabe geratu zen. Beatles taldekoak ez ziren hiriko auzo langile horretakoak, baina bai jotzen zuten auzo horietako klubetan; eta haien musika alaia oso gustokoa zen bizimodu latza zeukaten hiriko gazteentzat.

Haien musika oso itsaskorra zen eta kontatzen zituzten istorioak oso sinpleak: maitasunari eta gazteen bizitzari buruz hitz egiten zuten. Geroago, beste musika-tresna batzuk eta estiloa aberasten hasi ziren, biolinak sartuz eta musika indiarraren ukitua emanez haien kantuei.

Horrela, jende gazte askorentzat gustagarri izatea lortu zuten eta musika modernoaren sinboloa bihurtu ziren.