Vikidiatik

Amigdalitis

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Anginak dituen ume baten ahoa.

Amigdalitisa edo anginak ditugu eztarriko amigdalak handitzen zaizkigunean. Jende askok jasaten duen gaitza da, batez ere umeek. Bakterio edo birusek eragindako infekzioengatik gertatzen da.

Zer dira amigdalak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amigdalak eztarriaren barrualdeko bi aldeetan dauzkagun guruin batzuk dira, arbendol baten tamainakoak (hain zuzen ere, grezieraz amigdala hitzak arbendola esan nahi du).

Berez, gure gorputzak infekzioen aurka borrokatzeko duen sistemako parte bat dira: amigdalek ahoan edo sudurrean sartzen zaizkigun germenei aurre egiten laguntzen dute, gorputzeko beste zatiren batean infekzioren bat eragin baino lehen. Oro har, amigdalek ondo egiten dute beren lana; baina, kasu batzuetan, bakterioak edo birusak amigdalen barruan sartzen dira eta infektatu egiten dituzte. Hori gertatzen denean, amigdalitisa edo anginak ditugu.

Anginak ditugunean, eztarriko mina izaten dugu, asko kostatzen zaigu jatea, edatea eta, oro har, edozer irenstea. Eta, seguru aski, sukarra ere izango dugu. Bakterio eta birusek gure amigdalak infektatzen dituztenean, beste seinale batzuk ere topatuko ditugu:

  • Amigdalak gorrituta eta handituta
  • Plaka zuri edo horiak amigdaletan (zornea da)
  • Lepoko gongoil linfatikoak handituta
  • Hatsa (usain txarreko arnasa)
  • Buruko mina

Zer egingo du medikuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medikuarengana joaten zarenean, nola sentitzen zaren galdetuko dizu eta gero zure amigdalei begiratuko die. Seguru aski, egurrezko zotz bat erabiliko du, "Mihi-depresorea" izenekoa, mingaina jaisten laguntzeko eta zer gertatzen ari den ikusi ahal izateko.

Beharbada, medikuak zure sudur eta belarriak ere aztertuko ditu, zure bularra entzun eta lepoa ukituko dizu, beste infekzio-seinale batzuen bila. Amigdalitisa bakterioek eta birusek eragiten dute; eta garrantzitsua da zure medikuak jakitea estreptokokoak izeneko bakterioak ote diren. Estreptokokoek eragindako infekzioa baduzu, botikak beharko dituzu bakterioak hiltzeko.

Estreptokokoak ote dituzun ikusteko, medikuak kotoizko punta duen makilatxo luze bat erabiliko du zure eztarriaren atzealdetik pasatzeko. Horrek ez du minik ematen, baina pixka bat desatsegina izan daiteke. Minutu gutxiren buruan, medikuak jakingo du zure eztarrian estreptokokorik ba ote dagoen ala ez. Emaitza positiboa bada, faringoamigdalitis estreptokozikoa duzu. Negatiboa bada, medikuak lagin bat bidaliko du laborategira, azter dezaten, eta pare bat egunetan lortuko du emaitza.

Zer egiten da amigdalitisa sendatzeko?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zure amigdalitisa estreptokokoengatik bada, medikuak antibiotikoren bat errezetatuko dizu, bakterioak desagerrarazten dituen sendagai bat. Oso garrantzitsua da antibiotikoak hartu eta errezetatutako antibiotiko guztia amaitzea (nahiz eta egun gutxiren buruan ondo sentitzen hasi), bestela infekzioa itzul liteke eta.

Amigdalitisa birus baten ondorio bada, antibiotikoek ez dute funtzionatuko, eta zure gorputzak berak bakarrik egingo dio aurre infekzioari.

Batzuetan, haurrei amigdalak kentzeko ebakuntza bat egiten zaie, baina soilik amigdalak askotan infektatzen badira edo oso handiak izanda zaila gertatzen bazaizu gauez arnasa hartzea.

Amigdalitisa baduzu, hemen dituzu hobeto sentitzen lagunduko dizuten aholku batzuk:

  • Likido ugari edan
  • Janaria irenstean mina baduzu, hartu janari bigunak (zopak, pureak, gelatinak…)
  • Atseden hartu hobeto sentitu arte
  • Sarritan eta ondo garbitu eskuak