Birus

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Birus batzuk mikroskopio elektronikoan ikusita

Birusak mikrobio txikienak dira, mikroskopio elektronikoarekin soilik ikusten direnak (laborategiko ohiko mikroskopioekin ez dira ikusgai). Mikrobio gehienek egitura zelularra dute, zelula bakar batez osatuta daude (zelulabakarrak dira, adibidez, bakterioak eta protozooak). Baina birusak ez dira zelulak, egitura zelularrik gabeko molekula hutsak dira.

Birusak bakterioak baino 20 aldiz txikiagoak dira. Gogoratu bakterio bat arkakusoa baino 1.000 aldiz txikiagoa dela.

Birusen osagai bakarrak bi molekula mota dira: proteinak eta azido nukleikoak (ADN ala ARN). Oinarrizko bi molekula horiekin birusek nolabaiteko bizi-jarduera dute.

Hala ere, biologoek uste dute birusak ez direla benetako izaki bizidunak, bi arrazoi hauengatik:

  • esan bezala, ez dute egitura zelularrik, ez dira zelulak. Gogoratu zelula bizidun guztien oinarrizko unitate funtzionala dela.
  • ez dute metabolismorik. Metabolismoaren bidez bizidunek substantziak trukatzen dituzte ingurugiroarekin (substantzia batzuk hartzen dituzte elikatzeko, eta gero hondakinak kanporatzen dituzte). Birusak ez dira elikatzen.

Birusek zelulak behar dituzte ugaltzeko eta nolabaiteko bizi-jarduera edukitzeko. Zeluletatik kanpo birusek ez dute inongo jarduerarik, guztiz bizigabeak dira. Horrenbestez, zelulak parasitatu behar dituzte ugaldu ahal izateko (zelularen tresneria genetikoa erabiltzen dute birusaren kopiak egiteko).

Birusak eta gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain txikiak eta sinpleak izanik, birusek ez dituzte zelula batek duen kopiak egiteko tresneria, eta honenbestez zelularen tresneria erabiltzen dute haien onurako. Zelulak infektatu eta parasitatu behar dituzte derrigorrez, beraz.

Zelulen barrura sartzerakoan birusek birus berriak sortzen dituzte eta infektatutako zelula hiltzen dute. Kaltegarriak dira zelulentzat. Birus batzuek landare zelulak kaltetzen dituzte, beste batzuek animalien edo gure organismoaren zelulak, eta badaude ere bakterioak infektatu eta kaltetzen dituzten birusak (bakteriofago izenekoak).

Gure organismoaren zelulak infektatzen dituztenean birusek gaixotasunak sortzen dituzte. Gaixotasun biriko batzuk pertsonen artean kutsatu daitezke, gainera, birus gaiztoa pertsona batetik bestera pasatzen denean. Gripea, hepatitisa, HIESa, Ebola sukarra, barizela edo errubeola, adibidez, birusek sortutako gaixotasunak dira. Gaixotasun biriko batzuk ekidin daitezke txertoak erabiliz.