Beltz

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Pantera beltza.

Beltza kolorerik ilunena da. Ez da kolore kromatikoa, hau da, tonalitaterik gabeko kolorea da, zuria eta grisa bezala.

Sinbolikoki iluntasuna irudikatzeko erabiltzen da. Horregatik, zenbait kulturatan, dolua eta tristura adierazteko erabiltzen da; norbait hiltzen denean, adibidez.

Tinta beltza liburuak, egunkariak eta dokumentuak inprimatzeko erabiltzen den kolorerik ohikoena da, paper zuriarekiko kontrasterik handiena erakusten duelako eta irakurtzeko errazena delako.

Kolore beltzaren esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinbolikoki iluntasuna irudikatzeko erabiltzen da. Horregatik, zenbait kulturatan, dolua eta tristura adierazteko erabiltzen da; norbait hiltzen denean, adibidez.

Euskaraz ere, beltz hitza gauza txarren bat adierazteko erabiltzen da. Adibidez:

  • Berri beltzak: berri txarrak.
  • Dena beltz ikusi: itxaropenik ez dela ikusten.
  • Beltzak ikusi: gaizki pasatu, larri ibili.
  • Negu beltza: negu gogorra.
  • Bihotz beltza eduki: bihotz txarra.

Nola sortzen da beltza?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen zientifikoa da objektu beltzek xurgatu egiten dutela haien gainera erortzen den argia; hau da, ez dutela inolako argirik islatzen, eta, horregatik, giza begiak ezin duela inolako kolorerik antzeman objektu horretan. Horren ondorioz, gure burmuinak beltz ikusten ditu objektu horiek. Argiarekin batera, beroa ere xurgatzen dute gauza beltzek; horregatik ez da komeni izaten arropa beltzak jaztea bero handia egiten duenean.

Zuriarekin alderantziz gertatzen da: objektu batek jasotzen duen argi guztia islatzen duenean, gure burmuinak zuri ikusten du objektu hori. Hain zuzen ere, horrexegatik margotzen dira zuriz etxeak lurralde oso beroetan: pareta zuriek argia ez dutelako xurgatzen, eta, beraz, bero gutxiago jasotzen dute.

Bestalde, pigmentu (koloregai) beltz artifiziala sortzeko, karbonoa duen gorputz bat erretzen da gehienetan. Adibidez, historiaurreko garaietako gizakiek egurra edo hezurrak errez lortzen zuten leizeetako hormak margotzeko erabiltzen zuten koloregai beltza. Erromatarrek, aldiz, kedarra (ke-hautsa) erabiltzen zuten horretarako, edota mahats-adarrak edo bolia erretzen zuten; boliaz, oso beltz ederrak lortzen zituzten, baina oso pigmentu garestiak izaten ziren.