Birziklatzea

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Birziklapenaren sinboloa

Birziklatzea erabilitako zerbait, berriz ere erabili edo baliatu ahal izateko, eraldatu edo egokitzea da. Birziklapenaren bidez, objektuen osagaiak ahalik eta gehien gordetzen dira, haiek berrerabiliz antzeko edo bestelako produktuak ekoitzi ahal izateko.

Beira da birziklatzeko eta berrerabiltzeko materialik egokiena: tona bat beira ekoizteko, 130 kg petrolio behar dira gutxi gorabehera. Hortaz, beira birziklatuz petrolio asko aurrez daiteke. Gainera, beira oso-osorik birzikla daiteke, eta prozesua nahi adina aldiz errepikatu ere bai.

Papera eta kartoia ere izan ziren birziklatzen hasi ziren lehen materialetako batzuk. Haiek birziklatuz, batetik, lehengaia aurrezten da (tona bat paper birziklatuz, 13 zuhaitz moztea saihets daiteke), eta paper berria egiteko behar den energiaren % 70 eta uraren % 15 ere bai.

Birziklatzeak abantaila asko ditu:

  • Kutsadura gutxitzen da eta zabortegietara doazen materialen kopurua ere murrizten da.
  • Energia aurrezten da, energia gutxiago gastatzen delako produktu bat material birziklatuz fabrikatzen, lehen eskuko materialez fabrikatzen baino.
  • Naturatik ez da hainbeste lehengai atera behar.
  • Baliabide berriztagarriak erabiliz natura zaintzen da.
  • Lanpostu berdeak sortzen dira.

Zaborrontzira botatzen dugun gehiena birzikla daiteke: adibidez, etxean sortzen diren hondakinen %90etik gora birziklagarria da. Gaikako zabor-bilketaren bidez, birziklatzeko moduko hainbat produktu berreskura daitezke: zabor organikoa (janaria, adibidez) konposta egiteko erabil daiteke; papera, ontzi arinak eta beira.

Horiez gain, badira birzikla daitezkeen beste hainbat hondakin ere: arropa eta oihalak, automobilen olioa, obretako hondakinak, erradiografiak, etxeko tresnak eta abar.

Birziklatzeko edukiontziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaikako zabor-bilketarako edukiontziak.
Gaikako zabor-bilketarako sei edukiontzi. Getxon.

Berrerabili edo birziklatu aurretik, hondakinak egoki sailkatu behar dira, horretarako kaleetan dauden edukiontzi ezberdinak erabiliz, zabor motaren arabera.

Horregatik, garrantzitsua da birziklatze-edukiontzi bakoitzean zer bota behar den jakitea, hondakinak zuzen banatu eta horien birziklapena erraztu ahal izateko. Gurean, honako birziklatze-edukiontziak erabiltzen ditugu:

Edukiontzi horia: ontziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zer bota daiteke: Metal eta plastikozko ontzi arinak edo brick-ak botatzeko:

  • Brick erako ontziak (esnea, zukuak…).
  • Poteak, latak eta elikagaien metalezko ontziak.
  • Plastikozko botilak eta bestelako ontziak.
  • Potoen tapak eta plastikozko poltsak.
  • Aerosol eta spray ez-toxikoak.
  • Aluminiozko papera eta filma.
  • Haragi edo frutaren erretiluak, kortxo zurizkoak (porexpan).
  • Etxeko garbiketa-produktuen botila hutsak.

Zer EZ dugu bota behar: Plastiko edo metalezko ontzi arinak edo brick-ak ez diren elementuak:

  • Pintura edo produktu kimikoen potoak.
  • Material toxiko edo arriskutsuak izan dituzten ontziak.
  • Jostailu eta zinta magnetikoak.
  • Eskuilak.
  • Pertsianak eta pertxak.
  • PVCzko hodiak.
  • Mahai-tresnak eta zartaginak.

Edukiontzi marroia: gai organikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukiontzi marroia Leioako Musika Eskolaren aurrean.

Zer bota behar dugu bertan:

  • Lorezaintzako hondakinak eta janari begetal gordin edo prestatua.
  • Hezurrak eta fruta zein barazkien azalak.
  • Kafe-hondarrak zein iragazkiak eta infusio-poltsatxoak.
  • Kortxo naturalezko tapoiak.
  • Sukalde edo komuneko papera eta erabilitako paperezko ahozapiak.

Zer ez dugu bertan bota behar:

  • Animalien eta arrainen hezur handiak.
  • Okela eta arraina.
  • Itsaskien hondakinak, oskolak-eta.

Nola utzi: Herri batzuetan auzokoei plastikozko txartel-elektronikoa banatzen zaie. Txip batekin. Edukiontziek sistema automatikoa izaten dute beti itxita egoteko eta zerbait botatzerakoan bakarrik zabaltzen dira ate txikitxo batzuk.

Edukiontzi urdina: papera eta kartoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukiontzi urdina. Papera eta kartoia. Ez bota paper pilotak. Kartoiak ondo tolestaturik, mesedez.

Zer bota dezakegu bertan:

  • Publizitate liburuxkak.
  • Egunkariak eta aldizkariak.
  • Kartoizko kaxa tolestuak.
  • Kartoizko arrautza kaxak.

Zer ez dugu bota behar:

  • Aluminiozko papera.
  • Koipez edota gai organikoz zikinduriko papera.
  • Fax papera.
  • Plastifikatutako paperak.
  • Tetrabrickak.
  • Pixoihalak.

Nola bota behar dira:

  • Paperekin ez dira bolak egin behar. Leku pilo bat behar du horrela paperak, paper-pilotek airez betetzen dituzte edukiontziak.
  • Kartoiak tolestu egin behar dira eta edukiontzi barrura bota behar dira, ez edukiontzien ondoan.
  • Kendu beharko genituzke paperezkoak edo kartoizkoak ez diren gainerako elementu guztiak (grapak, plastikozko eta metalezko hari kiribilak, etab.
  • Papera eta kartoia eramateko plastikozko poltsa erabili badugu, papera edukiontzi urdinean eta plastikozko poltsa edukiontzi horira bota beharko genuke.

Edukiontzi edo iglu berdea: beira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukiontzi berde bat beira batzeko eta gero birziklatzeko.

Zer bota dezakegu bertan:

  • Beirazko botilak.
  • Beirazko potoak.

Zer ez dugu bota behar:

  • Ispiluak.
  • Bonbillak.
  • Fluoreszenteak.
  • Platerak eta edalontziak.
  • Leihoetako kristalak.

Edukiontzi laranja: landare-olioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukiontzi laranja, landare-olioa batzeko.

Zer bota dezakegu bertan:

  • Etxeko sukaldean kozinatzeko erabilitako olioa.

Zer ez dugu bota behar:

  • Makinak olioztatzeko erabili den olioa.
  • Industrian erabiltzeko olioa.

Nola utzi: Hotz dagoen olioa bota daiteke edozein ontzi tapadunetan, adibidez, kristalezko pote batean edo plastikozko botila batean. Ez da komeni edukiontzi laranjan botatzen dugun olioz beteriko potea erortzerakoan apurtzea, horregatik edukiontzi batzuetan plastikozko ontziak erabiltzeko aholkua egoten da idatzita.

Edukiontzi zuria: arropa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukiontzi zuria arropa batzeko. Leioa.

Zer bota dezakegu bertan:

  • Arropa.

Nola utzi: Edukiontzietan bertan gogoratzen digute poltsa itxietan botatzeko. Ate txikitxo bat zabaldu egiten da eta erretilu moduko batean utzi behar da ondo itxitako arropaz beteriko poltsa. Ixterakoan poltsa edukiontziko barruko aldera eroriko da. Sistema horrekin botatako poltsak ezin dira bota eta gero berreskuratu.

Edukiontzi grisa: gainontzeko hondakinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukiontzi grisa. Birziklatzeko zaila den zaborra batzeko.

Zer bota dezakegu bertan:

  • Etxeko beste zaborrak. Birziklatzeko teknika nahikoa garaturik ez dagoen bitartean, etxeko beste zabor arruntak hona bota beharko.

Zer ez dugu bota behar:

  • Altzariak, gailu elektronikoak, etxeko konponketetan soberan geratu diren adreiluak, harriak... Horrelako gauza handiak ez dira zaborretara bota behar; horretarako Garbiguneak daude.
  • Koltxoiak.
  • Beste edukiontzietan botata, birziklatzeko erabil daitezkeen gaiak.

Nola utzi: Udaleko agintariek ordutegi bat ezartzen dute zaborra edukiontzi grisean botatzeko: arratsaldeko azken orduetan eta gaueko lehen orduetan bota behar da zaborra edukiontzi hauetan, ez edozein ordutan. Zaborra biltzen duten kamioiak ordutegiaren amaiera eta handik gutxira igaro ohi dira.

Pilen eta baterien edukiontzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilen eta baterien bilketarako edukiontzia. Getxon.

Zer bota dezakegu bertan:

  • Pila eta bateria arruntak. Etxeko gailuetan erabilitakoak: jostailuetako pilak, linternetako pilak...
  • Botoi pila txikiak. (Zulotxo berezia egoten da botoi-pilak hortik botatzeko).

Zer ez dugu bota behar:

  • Auto eta kamioietako bateria handiak.

Hausnarketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, baita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santurtziko Garbiguneko sarrera.