Budapest

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Budapest hiriko irudiak.

Budapest Erdialdeko Europako hiri bat da, bai eta Hungaria izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2017ko datuen arabera, hiriak 1,8 milioi biztanle ditu; haren metropoli-eremuan (hiria bera eta hiri inguruak kontatuz), berriz, ia 3 milioi biztanle daude. Horrek esan nahi du hiru hungariarretatik bat bizi dela hiriburuan.

Hungariaren iparraldean dago eta Danubio ibaia igarotzen da hiritik.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Budapest hiria, berez, ez da oso zaharra: XIX. mendearen bukaeran sortu zen, 1873. urtean zehazki. Ordura arte, hiru hiri desberdin ziren: Buda eta Obuda hiriak ibaiaren mendebaldean, eta Pest hiria ibaiaren ekialdean.

Antzinatean, duela 2.400 urte inguru, herri zeltak bizi ziren lur hauetan; I. mendearen bukaeran, erromatarrek Aquincum izeneko hiri bat eraiki zuten; garai hartatik, bi anfiteatroren hondakinak geratzen dira. Ondoren, beste etnia edo herri asko jabetu ziren lur hauez: lehendabizi, IV. eta V. mendeetan, hunoak, Atila izeneko buruzagiarekin; germaniar tribu batzuk geroago. Azkenik, VIII. mendetik aurrera, magyar izeneko herri bat hasi zen etortzen lur hauetara Europako ekialdetik eta herrialdeaz jabetu ziren; horregatik, hungariarrei magyar ere deitzen zaie. Magyarrek erresuma bat osatu zuten eta Obudan ipini zuten beren hiriburua.

Otomandarren inperioaren garaian, XVI. mendearen hasieran, otomandarrak jabetu ziren Buda hiriaz; aurrerantzean ere, borroka handiak egon ziren herrialde osoan. Eta XVII. mendearen bukaeran, Habsburgotarrek konkistatu zuten hiria, herrialde osoarekin batera. Geroztik, Habsburgotarrek sortutako Austria-Hungariako inperioan egon zen;

1849an Buda eta Pest hiriek batzeko ahalegina egin zuten, baina Habsburgotarrek bertan behera utzi zuten. Azkenik, 1873an bai elkartu ziren bi hiri horiek Obudarekin eta Budapest izeneko hiria jaio zen. Dena dela, Austria-Hungariako inperioa Lehen Mundu Gerraren ondorioz desagertu zen eta 1919an Hungariak independentzia lortu zuen. Geroztik, Budapest da estatu berriko hiriburua.

Bigarren Mundu Gerran, hiriaren zati handi bat suntsituta geratu zen eta biztanle asko hil ziren. Gerra aurretik, 250.000 inguru biztanle judu zeuden hirian, eta haietatik 50.000 eta 100.000 bitartean hil ziren naziek eragindako genozidioan. Gerraren ondoren, Hungaria errepublika komunista bat bihurtu zen, baina biztanleen zati handi bat komunismoaren kontra zegoen; 1956an, manifestazio ugari egon ziren eta "iraultza hungariarra" delakoa hasi zen; baina tanke sobietarrek matxinada zanpatu egin zuten eta 3.000 hildako baino gehiago egon omen ziren.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Budapest oso hiri ederra da, eta lau milioi turistak baino gehiagok bisitatzen dute urtero. Pest aldean dagoen Done Ezteberen basilikak oso arkitektura aberatsa du; haren kapera batean, Eztebe izeneko lehen errege hungariarraren esku momifikatua dago gordeta. Basilikak Errenazimentuko estiloa du, baina XIX. mendean eraiki zen.

Hungariako Legebiltzarra ere oso eraikin polita da; Danubioaren ondoan dago eta estilo neogotikoan eraikita dago. Bestalde, Budapest oso ospetsua da bere bainuetxe ugari eta ederrengatik. Horregatik, "Ur sendagarrien munduko hiriburua" dela esaten da. Hiriko oso ikuspegi polita dago Arrantzaleen Bastioia izeneko eraikinetik; XX. mendearen hasieran eraiki zen eta hiriko gazteluaren ondoan dago.