Vikidiatik

Burtsa (merkatua)

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Bilboko burtsaren eraikina.

Balore-burtsa edo balore-merkatua bonuak eta akzioak erosteko eta saltzeko sistema bat da. Akzio bat enpresa baten jabetzan parte bat edukitzea da. Bonu bat, aldiz, enpresa bati denbora batez dirua uzteko akordio bat da. Enpresek baloreak saltzen dizkiete pertsonei, hazteko behar duten dirua lortzeko. Jendeak baloreak erosten ditu inbertsio modura, edota dirua irabazteko asmoz. Herrialde askok balore-burtsa bat edo gehiago dituzte. Burtsa garrantzitsu batzuk New Yorkekoa, Londresekoa eta Tokiokoa dira.

Nola funtzionatzen dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balore-burtsa bakoitzak enpresa-kopuru jakin batekin funtzionatzen du. Konpainiek akzioak saltzen dizkiote jendeari. Gero, jendeak burtsa erabiltzen du elkarri baloreak saltzeko eta erosteko. Burtsak salgai dauden baloreak eta horien prezioak zerrendatzen ditu. Saltzaileen eta erosleen arteko baloreen eskualdaketaz ere arduratzen da.

Baloreen prezioak igo edo jaitsi egiten dira, edo biak, eta hau egunean zehar gertatzen da, burtsa irekita dagoen egun guztietan. Jendea dirua irabazten saiatzen da, eta horretarako ordaindu zutena baino prezio altuago batean saltzen dituzte baloreak.

Zergatik aldatzen dira prezioak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faktore askok dute eragina enpresa baten baloreen prezioan. Enpresa edo konpainia batek arrakasta badu, bere akzioen prezioa igo egingo da normalean. Baloreen prezioak Ekonomiaren osasunaren arabera, gobernuak onartutako legeen ondorioz edo gerren eraginez ere igo edo jaitsi daitezke.

Jendearen sentimenduek ere eragina izan dezakete balore-bortsa bateko prezioetan. Adibidez, jendea prezioak jaistearen beldur bada, baloreak saltzen has daiteke. Baina pertsona askok aldi berean saltzen badute balio asko, prezioak jaitsiaraz ditzakete. Salmenta orokorrak aurrera egiten badu, balore-merkatua erori egin daiteke. Erortze horrek prezioa asko jaitsi dela esan nahi du, eta, ondorioz, oso pertsona gutxi daudela baloreak erosteko prest. Beraz, baloreak dituzten pertsonek dirua berreskuratzeko aukera gutxi dituzte. Baliteke ia diru guztia galtzea ere.

Hori, adibidez, «1929ko krax» delakoan gertatu zen. Urte horretako urrian, Estatu Batuetan balore-burtsaren erortze famatua gertatu zen. Zenbait egunetan jarraian, inbertitzaileek, ikaratuta, hainbeste akzio saldu zituzten, non merkatuak porrot egin baitzuen. Ekonomiako ia alde guztiek sufritu zuten. Jende askok aurrezkiak galdu zituen. Nekazariek ezin izan zituzten uztak saldu, bankuak eta negozioak itxi egin ziren, jende askok lanpostua galdu zuen eta soldatak asko jaitsi ziren. Garai latz honek 10 urte iraun zuen, gutxi gorabehera. Depresio Handia izenarekin ezagutzen da.