Helena Troiakoa

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Helena Troiakoa, XIX. mendeko margolan batean.

Helena Troiakoa antzinako Greziako mitologiako emakume ezagunenetariko bat da. Kondairaren arabera, garai hartako askoren ustez, munduko emakumerik ederrena zen, eta beragatik hasi zen Troiako Gerra, neurri batean.

Idazle eta poeta askok sortu dituzte istorioak Helenari buruz. Homero poeta epikoak Helenaren istorioa eta Troiako gerra kontatzen ditu Iliada izeneko kontakizunean. Homeroren beste epopeia ezagun batean ere agertzen da, hots, Odisean. Antzinako greziar antzerkigile Euripidesek kondairaren bertsio desberdin bat idatzi zuen Helena izeneko lanean.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar kondairaren arabera, Helena Zeus jainkoaren alaba zen. Hain zen ederra, ezen gizon askok berarekin ezkondu nahi baitzuten. Arazorik ez gertatzeko, mundu fisikoko bere aita Tindarok zin eginarazi zien Helenaren ezkongaiei ez zirela borrokatuko Helenaren senarra izateko berak hautatzen zuenaren aurka, eta gainera, Helena eta haren senarra babestuko zituztela hala behar izatekotan. Senargaiek hori onartu zutenean, Tindarok Menelao, Espartako erregea, aukeratu zuen Helenarekin ezkontzeko. Bere beste alaba Klitemnestra Agamenonekin ezkondu zen, Menelaoren anaia zaharrarekin.

Troiako gerra Helena Troiakoarengatik piztu zen Afrodita, Hera eta Atenea jainkosen arteko lehiaketa baten ondorioz. Parisek, Troiako printze batek, aukeratu behar izan zuen zein zen hiru jainkosetatik ederrena. Afroditak, maitasunaren jainkosak, Paris konbentzitu zuen bera aukeratzeko. Horren truke, zin egin zion munduko emakumerik ederrenaren maitasuna izango zuela, hau da, Helenaren maitasuna. Parisek onartu zuen. Bertsio batzuen arabera, Afroditak Helena sorgindu zuen Parisez maitemintzeko; beste batzuetan, esaten da Helena jainkosaren laguntzarik gabe maitemindu zela. Menelao hileta batean zegoen bitartean, Helenak etxetik ihes egin zuen Parisekin. Hainbat bertsioren arabera, Menelaoren bitxiak eta dirua ere eraman zituen. Espartatik alde egin ondoren, Helena eta Paris ezkondu eta Troia hirira joan ziren.

Troiako gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Menelao etxera bueltatzean, emazteak ihes egin zuela ikusi eta Troiara joan zen berehala Helenari itzul zedin eskatzeko. Hala ere, Parisen aita Priamok ezetz esan zion. Menelaok, orduan, Helenaren garai bateko senargaiei eskatu zien haien hitza betetzeko eta Helena berreskuratzen laguntzeko. Horrela hasi zen Troiako gerra troiarren eta greziarren artean, hamar urte iraun zuena. Menelaoren anaia Agamenon greziar armadako buruzagia izan zen; Parisen anaia Hektor], aldiz, troiarrena.

Paris gerran hil zen, eta greziarrek azkenean Troia menderatu zuten. Menelaok Helena hiltzeko asmoa zuen, ihes egin zuelako. Hala ere, hura berriz ikustean, haren edertasunaz liluratu zen eta egindakoa barkatu zion. Greziarren garaipenaren ondoren, Menelao eta Helena Espartara itzuli eta hil arte pozik bizi izan omen ziren.