Industria

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria nekazaritzatik, abeltzaintzatik, arrantzatik eta meatzaritzatik lortutako lehengaiak eraldatzen dituen jarduera da, kontsumitu daitezkeen produktu landu bihurtu arte. Ekonomiaren bigarren sektorea da. Industriak, adibidez, fruituetatik marmeladak, fruta almibarretan, zukuak, freskagarriak, etab. lortzen ditu. Burdinarekin, metal honetaz egindako barrak, xaflak, torlojuak eta makinak (esaterako, kotxe bat) osatuko dituzten beste pieza batzuk ere sortzen ditu.

Industriak bere lana gauzatzeko leku jakin batzuk behar ditu, hau da, fabrikak. Hauek energia behar dute, elektrikoa orokorrean, produktuak transformatuko dituzten makinak funtzionarazteko, beste produktu bat edo batzuk lortzeko. Azukrea eskuratzeko fabriketan, adibidez, kanabera edo erremolatxa birrintzen duten makinak daude; mamia lehortzen dute eta, zenbait prozesuen ondoren, guk kontsumitzen dugun azukrea lortzen dute.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak modu desberdinetan sailkatu daitezke. Modu horietako bat hauxe da:

  • Industria astuna: lehengai eta energia kopuru handia erabiltzen duten industriak, hala nola, siderurgikoa (burdinazko minerala metal eta altzairu bihurtzen du); zementu-industria; industria kimikoa (ongarriak, margoak, etab. ekoizten ditu); petrolio-industria (petrolioa erauzi eta fintzen du erregaiak – gasolina eta diesela –, plastikoak eta ehun-zuntzak lortzeko, besteak beste); eta automobilgintza (autoen piezak ekoizten eta kotxeak muntatzen ditu).
  • Industria arina: eguneroko bizitzan ohikoak diren produktuak fabrikatzeko aurrekoek baino energia gutxiago erabiltzen duten industriak dira, esate baterako, nekazaritzako elikagaien industria. Honek nekazaritzatik, abeltzaintzatik eta arrantzatik eskuratutako produktuak moldatzen eta eraldatzen ditu kontsumitu daitezen. Esnetik, haragitik, fruitu eta barazkietatik, arrainetik, etab. eratorritako industriak dira. Kontserbak, zukuak, esnekiak, galletak, ogia eta hestebeteak produzitzen dituzte, adibidez. Informatikaren eta etxetresna elektrikoen industriak ordenagailuak, telebistak eta telefonoak ekoizten ditu, beste produktu batzuen artean. Oso industria garrantzitsua da herrialde batzuetan, eta langile askori ematen die lana. Langile hauek, tresneria muntatzeaz gain, komunikazio eta entretenimendurako gailu berriak sortzeko ikertzen dute.

Gehien industrializatutako herrialdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira, ordenan, munduko hamar herrialde industrializatuenak: Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Japonia, Alemania, Errusia, Brasil, Italia, Erresuma Batua, Frantzia eta India.

Industrializazioaren abantailak eta arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak mundu osoan zehar izan duen garapenari esker, gizartearen bizi-maila hobetu da, industriak gizakien premiei aurre egiteko produktu berriak eskaini dituelako, hala nola, elikagai anitzagoak, sendagaiak, etxeko zereginak errazten dituzten etxetresna elektrikoak, etab. Baina arazoak ere ekarri ditu. Garrantzitsuena ingurumenaren kutsadura da, industrializazioak sorrarazten dituen hondakin kopuru handia dela eta.

Meatzaritzak ere hondakin asko sortzen ditu, eta, kontrol barik pilatzen badira, lur azpiko urak kutsatzen dituzte eta paisaia hondatzen dute. Petrolio-industriak petrolio-isuriak eta airea kutsatzen duten gas-isuriak (sufre, karbono eta nitrogeno oxidoak, adibidez) eragin ditzake. Fabrikek estolderietara edo atmosferara irits daitezkeen hondakinak sortzen dituzte, hauek lehenago arazten ez badira; eta urak zein airea kutsatzen dituzte.

Herrialde gehienek industria-prozesuak arautzen eta hondakinak arazteko moduak zehazten dituzten legeak dauzkate. Lege hauek zigorrak ezartzen dizkiete xedatutakoa betetzen ez duten industriei, eta fabrikak modernizatzen laguntzen dute, hondakinak ingurumenera igorri aurretik araztu ditzaten.