Inprimatzeko makina

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
XVII-XIX. mende bitartean erabilitako inprimatzeko makinaren modeloa.

Inprimatzeko makina hitzak eta irudiak tintaz paperean jartzeko erabiltzen den makina bat da. Liburuak, egunkariak, aldizkariak eta bestelako idazlan batzuk egiteko erabiltzen da. Tresna honen asmakuntzak oso garrantzi handia izan zuen mundu osoko kulturarentzat; hari esker, liburuak azkar egiten hasi ziren, merkeago, eta gainera kopuru handian (ale asko, alegia). Lehenago, izan ere, liburuen ale bakoitza eskuz kopiatu beharra zegoen; hori oso lan handi eta garestia zen, eta, ondorioz, liburu baten kopia oso gutxi egin zitezkeen, eta oso erraza zen denak galtzea; gainera, oso jende gutxirengana bakarrik iristen ziren, jende ahaltsu eta aberatsengana. Inprimatzeko makinari esker, berriz, liburu baten kopia asko eta asko egin zitezkeen, azkar eta merke. Horri esker, liburuak asko ugaldu ahal izan ziren eta, batez ere, jende gehiagorengana iristen hasi ziren.

Nork asmatu zuen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

<center>Inprimatzeko erabiltzen diren metalezko piezak.

Papera eta zeinuak inprimatzeko moldeak (zurezko pieza grabatuak) Txinan asmatu ziren. Baina inprimatzeko metalezko molde txikiak konbinatuz liburuak egiteko lehen makina Europan asmatu zen XV. mendean; Johannes Gutenberg izeneko asmatzaile alemaniarrak eraiki zuen Strasbourg hirian (gaur egungo Frantzian).

Horretarako, Mediterraneo aldean ardoa eta olioa egiteko erabiltzen ziren prentsak hartu zituen eredutzat. Lehendabiziko makinetan, zurezko plakak erabili zituen; gero, haietan, metalezko molde edo pieza batzuk sartzen zituen, hizki edo letra baten irudiarekin, baina irudia alderantziz jarriz (inprimatzean, irudi zuzena emateko). metalezko piezak banaka-banaka elkartu behar ziren, hitza osatzeko; horrela, zurezko plaka osoa betetzen zen, eta hori ze liburuko orria. Orri horren inprimaketa egin eta gero, pieza horiek askatu eta beste era batera antolatzen ziren, beste orri batzuk osatzeko.

Gutenbergen inprimatzeko makinaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutenbergek 1455 inguruan inprimatu zuen bere lehen liburua inprimatzeko makina eta molde mugikorrak erabiliz; Biblia bat izan zen. Asmakuntza hura oso azkar zabaldu zen Europa osotik; 1500 ingururako, 40.000 liburutik gora inprimatu ziren Europako 14 herrialdetan.

Inprimatzeko makinak garrantzi handia izan zuen erlijioan; XVI. mendeko erreforma protestantea bultzatu zuen; zientziaren aurrerapen handia ere ekarri zuen: hari esker, ideia berriak eta aurkikuntza berriak azkar eta erraz zabal zitezkeen.