Oftalmologia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Oftalmologoa, bere mikroskopio berezia erabiltzen.

Oftalmologia medikuntzaren atal edo adar bat da, pertsonek begietan dituzten arazoak aztertu, tratatu edo konpontzeko helburua duena. Oftalmologoa izateko medikuntza orokorra ikasi behar da unibertsitate batean, eta geroago, oftalmologia ikasi, hau da, ikusmena aztertzeaz arduratzen den medikuntza-adarra.

Oftalmologoak era askotako tresnak erabiltzen ditu begiak aztertzeko. Guztietan garrantzitsuena mikroskopio berezi bat da, begia handiago ikusteko balio duena; adibidez, begietako lesio txikiak ikusteko oso baliagarria da. Tresna honek lanpara bat dauka, oftalmologoak begia ongi ikusteko. Begi-niniak handiagotu behar baditu, begientzako tanta berezi batzuk erabiltzen ditu.

Oftalmologoak ikusmenean arazoren bat aurkitzen badizu, betaurrekoak behar dituzula esango dizu. Azterketa hau ikusmen arazoak ez dituzten pertsonei ere egiten zaie noizean behin, ikusmena kontrolatzeko.

Oftalmologoa begietako bestelako arazo eta gaixotasunez ere arduratzen da, ez bakarrik ikusmen-arazoez. Kasu hauetan, gainerako medikuek bezala, botikak errezetatzen dituzte gaixotasun horiek sendatzeko. Gaixotasuna larriagoa denean, operatzea beharrezkoa suerta daiteke, eta oftalmologoek ere ospitaletan egiten dituzte operazioak.