Tbilisi

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Tblisi hiriaren kokapena, Georgiako mapan.

Tbilisi Erdialdeko Asian dagoen hiri bat da, bai eta Georgia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2014ko datuen arabera, 1,1 milioi biztanle ditu.

Hegoaldeko Kaukaso aldean dago, Ekialdeko Europaren eta Mendebaldeko Asiaren artean.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso hiri zaharra da: V. mendean sortu zen, eta Georgiako hiri nagusia izan da geroztik. Oso leku garrantzitsuan kokatuta dago, Europa eta Asiaren arteko bidegurutzean eta Zetaren Bidea delakotik oso hurbil. Horregatik lurralde hau kultura askoren topaleku eta inperio batzuen arteko borrokaleku izan da historian zehar: erromatar inperioa, partiar inperioa, Persia, arabiarrak, bizantziar inperioa, mongolen inperioa, eta, garai modernoagoetan, irandarrak eta errusiarrak.

XX. mendean, Errusiako Iraultzaren ondoren, hiria Transkaukasiako Federazio independientea delakoaren hiriburua bihurtu zen, eta, geroago, Georgiako Errepublika independienteko hiriburua izan zen 1921era arte. Baina urte hartan, Sobiet Batasuneko armadak okupatu eta herrialdeak independentzia galdu zuen; hiriak Sobiet Batasunaren mendeko errepublika bateko hiriburua izan zen 1991ra arte. Urte hartan, Sobiet Batasuna desegin zenean, Georgiak bere independentzia deklaratu zuen eta Tbilisi berriz ere herrialde independiente bateko hiriburu bihurtu zen; baina laster liskar larriak sortu ziren jatorri etniko desberdineko biztanleen artean.

Geroagoko urteetan, herrialde osoaren ekonomia okertuz joan zen eta protesta handiak egon ziren hiriburuan. 2008an, beste gerra bat piztu zen Georgiaren eta Hego Osetiaren artean eta Errusiak hainbat aldiz bonbardatu zituen hiriaren inguruak. Gerra horren ondoren eta orain arte, egoera apur bat lasaiagoa dela dirudi.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narikala gotorleku edo gaztelua da hirian dagoen lekurik interesgarrienetako bat; oso zaharra da, IV. mendean eraikitzen hasitakoa; baina haren eraikin asko XVI. eta XVII. mendeetakoak dira. Anchiskhati eliza ere oso zaharra da, VI. mendean eraikia baina hainbat aldiz berreraikia eta zaharberritua. Sioni katedral ortodoxoa, bestetik, VI. edo VII. mendean hasi zen eraikitzen, baina gaur egun dituen zati gehienak XIII. mendekoak dira. XIII. mendekoa da Metekhi eliza ortodoxoa ere; oso ikusgarria da, harkaitz handi baten gainean dagoelako.