Uholde

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Nerbioi ibaiak eragindako uholdea, Basaurin, 2008an

Uholdeak ibaiek gainezka egiten dutenean eta ondoko lurrak urez beteta geratzen direnean gertatzen dira, normalean eurite handiaren ondorioz. Sarritan, udaberrian gertatzen dira, mendietako elurra urtu eta gero; baina baita eurite handiak gertatzen direnean ere, edozein sasoitan. Itsasoak ere eragin ditzake uholdeak, batez ere itsasgoran haize handia dagoenean.

Uholdeak berez ez dira zerbait txarra izaten; fenomeno naturalak izaten dira, baina batzuetan kalteak eta baita hondamendiak ere eragiten ditu, eraikinetan adibidez, eta gerta daiteke ur-lasterrak pertsonak eramatea eta haietako batzuk itota hiltzea ere. Baina onak eta onuragarriak ere izan daitezke; adibidez, Egipton, Nilo ibaiak eragindako uholdeak oso onura handia ekartzen zuten, ibaiak utzitako lohiak eta hezetasuna oso onak zirelako nekazaritzarako.

Uholdeak beti izan dira Lurreko bizitzaren parte. Kultura askotan dago kondaira bat uholde handi bati buruz. Antzinatik jendeak ibaien ondoan eraiki ditu herriak eta hiriak, ura edateko eta nekazaritzarako erabiltzen dutelako. Beraz, ibaien uholdeek pertsona askori eragiten diete. Leku batzuetan presak edo dikeak eraiki dira lurrak ibaietako uholdeetatik babesteko.

Zergatik gertatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienetan, euriteek eragiten dituzte uholdeak. Euri asko egin ondoren, zorua urez betetzen da, eta ura ez da lur barrura sartzen; horrelakoetan, ura beti beherago dauden lekuetara bideratzen da grabitatearen eraginez, eta erreka eta ibaiek normalean baino ur askoz gehiago hartuko dute. Horren eraginez, erreka eta ibaien ur mailak gora egiten du eta, maila asko igotzen denean, inguruko bazterretara ere zabalduko da.

Uholdeek eragindako kalteak, askotan, gizakiaren beraren erruz gertatzen dira; adibidez, ibai-ertzak eta inguruak urbanizatuta daudenean (eraikinak daudenean), urak leku horiek estaltzen ditu eta, batzuetan, kalte ekonomiko handiak eragiten ditu. Beste batzuetan, gizakiaren jardueragatik basoak eta landaretza desagertzen direnean, lurrak ura xurgatzeko gaitasuna galtzen du, eta ur hori azkarrago eta kantitate handiagoan iristen da erreka eta ibaietara.

Uholderik kaltegarrienak bat-batean gertatzen direnak dira; bat-bateko eurite handiek ur asko pilatzen dutenean, gerta daiteke presaren bat apurtzea, eta ondorio hilgarriak izan ditzake horrek. Edota gerta daiteke ibai-ibilgu bat urtearen zati handi batean lehortuta egotea eta, horregatik, jendeak lur horiek okupatzea nekazaritzarako edo etxeak egiteko. Gero, bat-bateko eurite handien ondorioz, batzuetan, ibai-ibilgu lehorrak oso denbora gutxian betetzen dira ur ugariz, eta, batzuetan, ezbeharrak gertatzen dira holakoetan.