Afrika

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Afrika, munduko mapan.
Afrika, satelitetik egindako argazki batean, kolore naturalekin.


Afrika kontinente bat da. Munduko hirugarren kontinentea, handitasunari begiratzen badiogu: 30,272,922 km² ditu; bestela esanda, munduko lurren bostena (1/5) hartzen du. Honako mugak ditu: mendebaldean, Ozeano Atlantikoa; ekialdean, Indiako ozeanoa; ipar-ekialdean, Itsaso Gorria; eta iparraldean, Mediterraneo Itsasoa.

Afrikak 1.100 milioi biztanletik gora ditu, munduko biztanleen %20; eta 54 estatutan banatuta dago.

Afrikan dago munduan den basamorturik handiena, Saharako basamortua, alegia; bai eta munduko ibairik luzeena ere, Nilo ibaia.

Afrikako mendirik altuena Kilimanjaro da (5.895 m), Tanzania izeneko herrialdean.

Lehen gizakiak kontinente honetan sortu ziren. Hainbat mendez eta XX. mendera arte, esklabotzak hainbat eta hainbat biztanle atera zituen Afrikatik beste kontinente batzuetara, Amerikara bereziki.

Europarrak, portugaldarrak batez ere, XV. mendearen erdialdean hasi ziren Afrikako kostaldea kolonizatzen. XIX. mendearen erdialderako, europarrak kontinentearen zati handi batean nagusitu ziren, Frantzia eta Erresuma Batua gehienbat. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, aldiz, Afrikaren deskolonizazioa gertatu zen; hau da, herrialdeek beren independentzia irabazi zuten.