Sahara

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Saharako basamortua, satelitetik ateratako irudi batean.

Saharako basamortua Afrika iparraldean dagoen basamortua da; munduko basamorturik handiena da. Afrikako iparraldearen zatirik handiena hartzen du, eta Txina edo Ameriketako Estatu Batuak bezain handia da ia. Sahara izena arabieraz basamortua esan nahi du.

Ekialdetik mendebaldera begiratuta, Itsaso Gorritik Ozeano Atlantikoraino iristen da. Haren hegoaldean, Sahel deritzana dago, nagusiki sabana erdi-lehorra den eskualdea, klima bero eta euri urrikoa.

Saharako basamortua hainbat herrialderen artean banatuta dago: Maroko, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra, Aljeria, Tunisia, Mauritania, Libia, Egipto, Niger eta Txad; nolanahi ere, haren mugak aldakorrak dira, basamortua zabaldu eta estutu egiten baita.

Sahara zeharkatzen duen ibai bakarra Nilo da. Lurpean bada urik, eta lurrazalera ateratzen den lekuetan oasiak daude.

Oasi bat Aljerian.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso euri gutxi egiten du; leku askotan, urteak pasa daitezke euririk egin gabe. Tenperaturetan, aldaketa handiak gertatzen dira urtean zehar, bai eta egunean zehar ere. Udan, egunez, 55 ºC-etaraino irits daitezke, baina neguan, gauez, 0 ºC ere izaten da askotan. Haizea oso indartsua denean, harea-ekaitzak sortzen dira.

Fauna eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde lehorretara moldatutako animaliak bizi dira; abereen artean, adibidez, gameluak eta dromedarioak, bai eta ahuntzak ere. Azeri espezie batzuk ere bizi dira bertan, eta badago antilope bat, addax izenekoa, edan gabe urte oso bat pasa dezakeena.

Datila eta palmondoa dira Saharako landare nagusiak; horiek oasietan hazten dira. Basamortuko muturretan, akaziak eta milazkak ikus daitezke. Eskorpioi horia ere nahiko ugaria da.

Landareen artean, palmondoak dira ugarienak, baina badira akaziak, kaktusak eta hainbat sasi edo elorri mota ere; ur gutxi behar dutenak, alegia.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saharako basamortuko eremu askotan ez da inor bizi, oasietan izan ezik. Hala ere, 5 miloi biztanletik gora ditu, haien erdiak hirietan; beraz, oso biztanle-dentsitate txikia du: kilometro karratu bakoitzeko, biztanle bat.
Antzinatetik, bi bizimodu izan dituzte Saharako biztanleek: artzain nomadak basamortuko muturretan, eta nekazariak oasietan.