Antisemitismo

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Alemania nazian egondako antisemitismoaren irudi bat.

Antisemitismoa juduekiko etsaitasuna da. Juduak judaismo izeneko erlijioa praktikatzen duten pertsonak dira. Antisemitek uste dute juduak gaiztoak direla. Antisemita batzuek soilik iritzi txarra daukate juduei buruz, baina beste batzuek, berriz, hil behar direla uste dute, hori iritzi kriminala da.

Antisemitismo terminoa “semita” hitzetik dator. Bibliaren arabera, Noek hiru seme izan zituen; Sem, hiruetako bat, juduen aitzindaria omen da.

Hizkuntzalaritza arloan, hizkuntzez arduratzen den zientzian alegia, “semitiko” terminoa hainbat hizkuntza izendatzeko erabiltzen da: besteak beste, juduen hebreera, eta baita arabiera ere. Bestalde, “anti” grezieratik dator eta “aurka” esan nahi du. Beraz, "antisemita" hitzak semiten aurka esan nahi du.

Juduen kontrako jarrera hori aspalditik dator, ez da gauza berria. Europan, kristau askorentzat, juduek ez zuten kristauen Jainkoa onartzen, eta beren fede edo erlijioari eutsi nahi zioten. Erdi Aroan, juduei gezur asko leporatzen zizkieten; adibidez, putzuak pozoitzen zituztela edota kristauen ume txikiak bahitu eta hiltzen zituztela. Horregatik, Europako historian judu asko hil zituzten; Espainian, XV.mendean kanpora bota zituzten eta biztanle judu guztiek beste herrialde batzuetara emigratu behar izan zuten. Gainera, hainbat hiritan auzo itxietan bizitzera behartuta zeuden (Ghetto izenez ezagutzen direnak) eta ezin zituzten lan asko egin.

Geroago, XIX. eta XX. mendeen artean, juduen kontra egoteko beste arrazoi bat gehitu zen. Pertsona batzuek esaten zuten juduak arraza ezberdina eta arriskutsua zela; mundu osoa kontrolatu nahi zutelako, adibidez. Honelako jarrera arrazagatiko antisemitismoa da, hau da, arrazismoa. Adolf Hitler buruzagi nazia antisemita izan zen. Naziek Alemania gobernatu zuten 1933 eta 1945 bitartean, eta ideologia antisemita zuten: hasieran judu alemanak gaizki tratatu eta gero Europa osoko 6 milioi judu erail zituen. Gaur egun Holokausto izenez ezagutzen den krimena da.

Zoritxarrez, antisemitismoa oraindik bizirik dago.