Greziera

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Grezierako dialektoen banaketa.

Greziera hizkuntza moderno bat da, gaur egun gehienbat Grezian hitz egiten dena; baina, horretaz gain, Antzinako Grezian hitz egiten zen hizkuntza zaharra da.

  • Antzinako greziera beste leku askotan ere hitz egiten zen, antzinaroan. Gaur egun pertsona askok ikasten dute, antzinako greziera oso garrantzitsua delako historian eta kulturan: adibidez, egunero erabiltzen ditugun hitz askok antzinako grezieran dute jatorria.
  • Greziera modernoa gaur egungo Greziako hizkuntza da; Zipre irlako hegoaldean ere hitz egiten da. Bi herrialdeak batuz, greziera hamar milioi pertsonaren ama hizkuntza dela esan dezakegu. Eskola greziarretan, ikasleek antzinako greziera pixka bat ere ikasten dute, Antzinako Greziako obrak ulertu ahal izateko. Baina, gaur egungo greziarrentzat ere zaila da antzinako greziera ulertzea.

Hirugarren forma bat badago Antzinako Greziera eta Greziera Modernoaren artean. Koine deitzen da. Hirugarren mota hori garrantzitsua da, hizkuntza horretan idatzi baitzen Itun Berria, Bibliako zati bat, kristauentzat bereziki garrantzitsua dena.

Nondik dator antzinako greziera?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziera primitibo mota bat ezaguna da orain dela 3.000 urte baino lehenagotik. “B lineala” deitzen den antzinako alfabeto batean zegoen idatzia. Antzinako alfabeto horretatik atera ziren gaur egun hizkuntza askotan erabiltzen ditugun letra latindarrak.

Antzinako greziarrek hainbat dialekto zituzten. Garrantzitsuena Atenasekoa zen; izan ere, K.a. 400. urtearen inguruan, Atenaseko hiria zen boteretsu eta aberatsena. Horregatik, beste greziar askok atenastarren dialektoa erabiltzen zuten.

Alexandro Handiak azkar konkistatu zituen ekialdeko eta Mediterraneo inguruko lur asko, eta hori dela eta, lurralde haietako aberats eta boteredunek Atenaseko greziera ikasi zuten. Erromatarrek Grezia menderatu zutenean, ohikoa zen erromatar eskolatuek grezieraz hitz egiten jakitea.

Nola sortu zen greziera modernoa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo Grezia turkiarrek konkistatu zuten Erdi Aroaren amaieran. Baina, hiritarretako askok haien hizkuntzan hitz egiten jarraitu zuten. Eskolatuek greziera “puru” edo garbi bati eutsi zioten. Greziar gehienek, ordea, greziera sinpleago bat hitz egiten zuten, greziera arrunta. Grezieraren azkeneko forma hori da hizkuntza ofizial izendatu zutena, Greziak independentzia lortu zuenean. Dena dela, gaur egun greziera ofizialak antzinako grezieraren eta greziera “garbiaren” hitz asko ditu.

Entzun nahi duzu greziera apur bat?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen duzu Ioanna izeneko neska bat, grezierari buruz hitz egiten grezieraz, bere burua ingelesez aurkeztu ondoren: