Erle

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Erle langileak lanean

Erlea intsektu mota bat da; lau hegal eta sei hanka ditu, gorputza iletsu eta kolore arre edo marroikoa; emeek eztena dute abdomenean. Erle batzuek eztia eta argizaria egiten dituzte.

Erle-espezieak oso ugariak dira: 9 familiatan sailkatuta daude, eta 20.000 espezie inguru ezagutzen dira gaur egun; ikerle batzuen ustez, berriz, benetako espezie kopurua askoz handiagoa da. Munduko kontinente guztietan (Antartikan salbu) eta intsektuek poliniza ditzaketen landare loredunak dituzten habitat guztietan aurkitzen dira.

Gizakia oso aspaldi hasi zen (duela 10.000 urte inguru, itxura batean) biltzen erle batzuek egiten duten eztia, bai eta argizaria ere. Geroago eztia egiten duten erle horiek hazteari ekin zion. Hazkuntza horri erlezaintza deitzen zaio, eta erlezain, berriz, erleak hazten dituenari.

Erle-talde bat zuhaitz batean.

Nola bizi dira erleak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie gehienetako erleak bakarka bizi dira eta ez dute eztirik ezta argizaririk egiten; ezti-erleak, ordea, taldean bizi dira. Egoera naturalean, ezti-erle taldeek zuhaitz-enborretako zuloetan, zuhaitz-adarretan, harkaitz zuloetan eta gizakiaren eraikuntzetako zirrikituetan egiten dituzte beren bizitokiak; erlezainek, berriz, erlauntza edo erlategi izeneko kutxa moduko batzuetan hazten dituzte.

Erlezain bat erlauntzekin lanean.

Ezti-erleek nektarra izeneko likido gozo bat biltzen dute loreetatik eztia egiteko. Ezti hori argizariz egindako biltoki batzuetan gordetzen dute, beren larbak elikatzeko eta neguan haien elikagai izateko; biltoki horiek argizarizko gelaxka hexagonal ugariz osatuta daude eta abaraska deitzen zaie.

Beraz, erleek talde osoarentzat egiten dute eztia, eta antolaketa handia dute taldean horretarako. Horrela, erle-talde bakoitzean, hiru motatako erleak egoten dira:

  • Erle erreginak. Emea. Erlauntza edo erle talde bakoitzeko erle erregin bat egoten da. Arrautzak erruten dituen erlea da. Hiru eta bost urte bitartean bizi izaten da.
  • Erle langileak. Emea. Erlauntza edo erle talde guztietan erle gehienak langileak dira. Loreetako lorauts edo polena batu eta horrekin eztia ekoizten dute. Argizaria ere ekoizten dute. Erle langileek zaintzen dituzte arrautzetatik jaiotako intsektu gazteak. Bakarrik 6 edo 7 astez bizi ohi dira.
  • Erlamandoak. Arrak. Udaberrian jaiotzen dira eta ez dira luzaroan bizitzen. Erreginak baino txikiagoak eta langileak baino handiagoak dira. Hiru hilabete inguru bizi dira.

Erle guztiek beren zeregina dute taldeak bizirik iraun ahal izateko. Erle gehienak langileak dira. Erle erregina ia inoiz ez da ateratzen erlauntzatik; bakarrik ugaltzeko ateratzen da, beste erle-talde bateko erlamandoen bila. Ernalduta gelditzen denean, arrautzak erruten ditu; egunean 2.000 arrautza inguru erruten ditu.

Arrautzetatik larbak ateratzen dira. Arrautza ernalduetatik ateratako larbak erle langile bihurtuko dira; ernaldu gabekoetatik, berriz, arrak aterako dira. Larba horietako bati janari berezi bat emango diote elikatzeko, erregina-jelea; eta erle erregina bihurtuko da. Erlauntza edo erle-taldea oso handia denean, erregina gaztea erle langile batzuekin beste leku batera alde egin eta beste erlauntza bat osatuko dute.