Fotosintesi

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Fotosintesiaren eskema, ingelesez.

Fotosintesia landareek egiten duten prozesu bat da, hazi ahal izateko elikagaia eskuratzeko.
Zer da fotosintesia egitea? Ba materia inorganikoa (ura eta karbono dioxidoa) materia organiko (glukosa) bihurtzea.

Hori egiteko, Eguzkiaren argia behar dute landareek. Horregatik, egunez egiten dute fotosintesia.
Landareek hostoetan egiten dute fotosintesia, klorofila izeneko substantzia orlegi bati esker. Klorofilak Eguzkiaren argia xurgatzen du, eta, horrela, materia inorganikoa materia organiko bihurtzen du; hau da, landarearentzako elikagai.

Fotosintesia egitean, hostoek airean dagoen karbono dioxidoa xurgatzen dute, eta oxigenoa askatzen. Oxigenoa ezinbestekoa dugu gizakiok, arnasa hartzeko eta bizitzeko.

Bi fotosintesi mota daude:

  • Oxigenikoa, landare berdeek egiten dutena: oxigenoa askatzen dute.
  • Anoxigenikoa, zenbait bakterio anaerobiok egiten dutena: ez dute oxigenorik askatzen.
Landareek hostoen bidez egiten dute fotosintesia.

Fotosintesiak izugarrizko garrantzia du bizidun guztientzat. Fotosintesirik gabe, bizia ezinezkoa izango litzateke gure planetan, bi arrazoiengatik: materia organikoa (guk jaten duguna) sortuko ez litzatekeelako, eta oxigenoa ere (guk arnasten duguna) atmosferan egongo ez litzatekeelako.