Lurreko erliebea

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Erliebe kontinentala eta itsaspeko erliebea erakusten ditu irudi honek.

Lurreko erliebea Lurrazalak dituen forma desberdinak dira; izan ere, Lurrazala ez da laua eta ez du lodiera edo sakonera berdina toki guztietan: zenbait lekutan, lodiagoa da, 8.848 metroko altueraraino (Everest mendia) iristen diren kontinenteak osatzen dituelako; eta, beste zenbait lekutan, aldiz, meheagoa da, itsaspean sakonera handietaraino hondoratzen delako (Marianetako itsas hobiak 11.000 m baino gehiagoko sakonera du).

Lurreko eremurik baxuenak urez estalita daude, eta ozeano edo itsaso izeneko ur gazi masa handiak osatzen dituzte (itsasoak sakonera gutxiagokoak izaten dira eta kostaldeetatik hurbil egoten diren ozeano-zatiak dira). Lurreko eremu altuak, berriz, lurrez estalita daude eta kontinentetan banatuta. Lurrazalean, dena dela, ozeano eta itsasoek betetako eremua (% 71) askoz ere handiagoa da lehorrak betetzen duena (% 29) baino.

Lurreko erliebearen zati desberdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrazalaren zati batzuk lehorrean daude eta beste batzuk urpean. Lehorrean dagoen parteari erliebe kontinentala deitzen diogu eta, noski, kontinente desberdinek osatzen dutena da. Urpean dagoen zatiari, berriz, itsaspeko erliebea edo erliebe ozeanikoa ere deitzen zaio.

Erliebe kontinentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraren lehorreko zatiak forma irregularra dauka eta era askotako formak ditu:

  • Mendiak: inguruko lur-eremutik nabarmenki goratzen diren lur zatiak. Goragune hauetako txikienei (700 m baino gutxiagokoei) muino deitzen zaie. Bestalde, mendi talde edo multzoei mendilerro edo mendikate ere deitzen zaie. Lurreko mendikaterik garaiena Asiako Himalaia da, eta bertan dago mendirik altuena, Everest mendia (8.850 m).
  • Ordoki edo lautadak: lur eremu lauak eta zabalak, malda eta garaiera gutxikoak. Zabalenak itsasertzetik hurbil egoten dira. Altuera handia izanez gero, goi-ordoki izena ematen zaie. Lurreko goi-ordokirik altuenak Asiako Tibetekoa eta Boliviako Altiplanoa dira.
  • Sakonuneak: lurrazalean, ingurukoak baino beherago dauden lur zatiak. Lurrean dagoen sakonena Itsaso Hila da, itsas mailatik 400 metro beherago dagoena. Hauen artean, hiru mota bereizi ohi dira:
    • Haranak: mendi artean edo mendiz inguratuta dauden sakonuneak; gehienetan, erreka edo ibaiak igarotzen dira haietatik.
    • Arroilak: ibaien higadurak sortutako haran estu edo pasagune sakonak dira, bereziki haitz artean daudenak.
    • Mendiarteak: sakontasun txikiko arroilak.

Aurreko erliebe-forma horiek kontinenteen barrualdeko formak dira; baina badira beste forma batzuk ere itsasertzean. Itsasertzeko erliebean, honako forma geografiko hauek topa ditzakegu:

  • Lurmuturrak: itsasoan barneratzen diren lur zatiak.
  • Golkoak: bi lurmuturren arteko itsas zatiak. Arku baten antzeko forma biribila izaten dute eta zabalera handia izaten dute. Euskal Herrian, adibidez, Bizkaiko Golkoa daukagu.
  • Badiak: itsas golko txikiak, ontziak babesteko balio dutenak. Kontxako badia da adibide bat.
  • Itsas aintzirak: itsasertzetik lur barrura sortutako ur gaziko aintzirak, sakonera txikikoak eta hareaz, legarrez edo uharriz osatuta daudenak.
  • Uharteak: alde guztietatik itsasoko urez inguratuta dagoen lur eremua.
  • Uhartedi edo artxipelagoak: hainbat uhartez osatutako multzo edo katea, gehienetan jatorri geologiko bera dutena. Multzo horretako uharteak nahiko hurbil egoten dira batzuk besteetatik.
  • Penintsulak: kontinentearekin lotzen duen alde bat izan ezik, gainerako alde guztiak urez inguratuak dituen lur zatia. Euskal Herriaren zati bat, adibidez, Iberiar penintsulan kokatuta dago.
  • Itsasarteak: aurrez aurre dauden bi kostalde hurbilen arteko itsaso zati estua.

Erliebe ozeanikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaso eta ozeanoetako hondoak duen erliebea da erliebe ozeanikoa, eta honek ere forma ugari ditu: badira Himalaia bezain altuak diren mendiak, kontinenteetakoak baino luzeagoak diren mendikateak, lautada zabalak, arroilak eta itsas-hobi edo fosa izugarri sakonak.

Itsaso hondoetako erliebe-forma nagusiak honako hauek dira:

  • Plataforma kontinentala: kontinenteen ertzek itsaspean murgilduta duten luzapena da. Sakonera txikia dute (batez beste, 200 m inguru, baina batzuetan handiagoa ere izaten da), eta ezponda edo beheranzko malda edo amildegi handi batean bukatzen dira.
  • Lautada edo ordoki abisalak: plataforma kontinentaletatik behera dauden itsas-hondoak dira; malda leuneko tokiak izaten dira eta 2.200 metrotik 5.500 bitarteko sakonera izaten dute. Itsas-hondoaren % 40 inguru okupatzen dute.
  • Dortsal ozeanikoak: itsaspeko mendilerro handiak dira. Batzuetan, oso altuak izaten dira, eta ur azaleraino ere iristen dira, uharteak osatuz.
  • Itsas hobiak edo fosa ozeanikoak: itsaspeko sakonune edo beheragune oso handiak. Lurrean dagoen sakonena (Marianetako itsas hobia) 11 km inguru sakon da. Gehienak Ozeano Barearen mendebaldean daude.