Vikidiatik

Matilda

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Roald Dahl liburuak sinatzen.

Matilda Roald Dahl izeneko idazle galestarrak haur eta gazteentzat idatzitako liburu bat da. 1988an argitaratu zen lehenbizikoz ingelesez. Eleberri honetan oinarritutako film bat egin zuten 1996an. Euskal itzulpena Agurtzane Ortiz de Landaluzek egin zuen, eta 1993an argitaratu zuen Alfaguara Zubia argitaletxeak.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matilda Wormwood oso neska azkarra da. Bost urte izan aurretik autore asko irakurri ditu eta gauza harrigarri asko dakizki. Bere gurasoak ez dira batere kezkatzen Matildaz, telebista ikustera behartzen dute eta ez diote libururik erosten; gainera arratsaldero bakarrik uzten dute. Kanpoan dauden bitartean, Matilda liburutegira joaten hasten da, eta bertan literaturaren mundu liluragarria ezagutuko du.

Matilda berehala konturatzen da bere gurasoak baino azkarragoa dela, eta horregatik, ez die jaramonik egiten haien ideia zentzugabeei. Liburutegi publikoan irakurritakoari esker, eskola hastean, ikaskideak baino azkarragoa da. Honey izeneko irakasle atseginak Matilda klase aurreratuago batera bidaltzeko eskatzen du, baina Trunchbull izeneko zuzendari gaiztoak ezetz esaten dio.

Agatha Trunchbull zuzendari andrea munstro gaiztoa da. Ez ditu haurrak gustuko; horregatik, askotan, gaizki portatu ote diren ziur jakin gabe ere, sagutegi deitzen dion tortura-tresna beldurgarri batean sartu edo airera jaurtitzen ditu. Bere ustez, haurrak hezteko metodorik egokiena beldurra da, eta zalantzarik gabe esaten du bere eskola ideala haurrik gabekoa dela.

Bitartean, Matilda botere telekinetikoak dituela konturatzen da, hau da, objektuak buruarekin mugi ditzakeela; sekretua soilik Honey andereñoari aitortzen dio. Botere horretaz jabetzen da bere lagun Lavenderrek Trunchbull andrearen edalontzian arrabio bat botatzen duenean. Zuzendariak Matildari leporatzen dio errua, eta bera hainbeste haserretzen da, ezen begiekin edalontzia gainera botatzen baitio. Honey andereñoak haren boterearen inguruko jakin-mina dauka eta bere etxera gonbidatzen du merienda jateko. Bertan Matildak ikusten du bere irakaslea oso pobrea dela, eta, zergatia galdetzen dionean, Honey andereñoak azaltzen dio aita hil zitzaionean izebarekin geratu behar izan zuela. Haurrak hain gaizki tratatzen zituen emakume maltzur horrek bere esklabo bihurtu zuen Honey andereñoa.

Honey andereñoaren izebak dirua eskatu zion urte horietan guztietan emandako janariaren truke, eta erositako arropa eta zapaten truke. Honey andereñoak beldur handia zion izebari, horregatik baietz esan zion, eta orain hainbeste ordaintzen dionez, oso modu kaskarrean bizi da. Matildak bere izeba nor den galdetzen dionean, Honey andereñoak aitortzen dio Trunchbull andereñoa dela. Hori jakinda, Matildak emakume horretaz libratzeko plan bat pentsatzen du.

Trunchbull zuzendaria Honey andereñoaren klasea aztertzen dagoen bitartean, Matildak bere botereak erabiltzen ditu arbelean idazteko. Honey andereñoaren aitaren mamua delako plantak egiten ditu, eta izeba mehatxatzen du: «Niri egin zenidana egingo dizut, baldin eta Jennyri dirua eta haren aitaren etxea itzultzen ez badizkiozu». Trunchbull andereñoak konortea galtzen du eta ez da gehiago zuzendaria izango.

Hurrengo egunean, Trunchbull andereñoa desagertzen da eta libre uzten du bere koinatuaren etxea. Aitaren testamentua agertzen da, eta horrela konturatzen dira Honey andereñoa dela etxe horretako benetako oinordekoa. Hortik aurrera, Honey andereñoa bere aitaren etxera doa bizitzera, eta Trunchbull andereñoa ez dagoenez, Matilda mailaz igotzen dute, baina orduan botere telekinesikoak galtzen ditu. Honey andereñoaren ustez, arrazoia da Matildaren burmuinak askoz lan handiagoa egin behar duela, adina bikoizten dioten ikasleekin lehiatu behar baitu.

Istorioaren amaieran, poliziak Matildaren aita atxilotzen du lapurtutako kotxeak saltzeagatik; horregatik gizonak erabakitzen du familiarekin Espainiara ihes egitea, baina Matildak eskatzen die Honey andereñoarekin geratzen uzteko. Gurasoak ados daude, horrela «ez baitute zaindu beharko», eta betiko joaten dira.

Hortik aurrera, Honey eta Matilda pozik biziko dira betiko.