Oihaneko liburua

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Liburuko ilustrazio bat.

Oihanaren liburua Rudyard Kipling idazle britainiarrak idatzitako liburua da, 1894an argitaratua. Indiako oihaneko bizitzari eta kondairei buruzko istorioez osatuta dago. Istoriorik ezagunenetako protagonista Mowgli izeneko haurra da, oihaneko otso-talde batek hazten duena.

Kiplingek AEBetan idatzi zuen liburu hau, bere lehenengo alaba jaio aurretik. Liburuaren bigarren zatia, Oihanaren bigarren liburua izenekoa, 1895ean argitaratu zen, eta bertan Mowgliri buruzko istorio gehiago kontatzen dira. Animaliak bi liburuetan gizakiak balira bezala deskribatzen ditu idazleak; horrela irakaskuntza moralak eskaintzeko asmoa zuen.

Liburua hainbat aldiz egokitu da zinemarako, marrazki bizidunetarako, telebistarako, antzerkirako...

Euskal itzulpena 1981ean argitaratu zuen Elkar argitaletxeak, eta Jexus Mari Haranburuk euskaratu zuen.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istorioaren hasieran bikote gazte batek bere haurra galtzen du Indiako oihanean Shere Khan izeneko tigre erraldoi eta basati batengandik ihes egiten ari direnean. Umea otso-talde baten haitzuloan agertzen da, eta horiek Shere Khanengandik salbatzen dute. Rakshak, umea adoptatzen duen otsemeak, «Mowgli» (igela) deitzen dio haurrari ilerik ez duelako. Azkenean, otso-taldeak Mowgli onartzen du; izan ere, Baloo izeneko hartz batek umea defendatu eta Bagheera izeneko pantera batek taldea janariaren bidez konbentzitzen baitu.

Mowglik oihanean bizitzen ikasten du animalien bere familiari esker, baina gertuko herrixkan bizi diren eta ohiko bizimodua duten pertsonei begiratzen jarraitzen du. Shere Khan oraindik otso gazteenak konbentzitzen saiatzen da Mogwli taldetik botatzeko, eta denbora pasa ahala, Mowgli konturatuko da bere oihaneko familia uzteko garaia dela.

Mowgli joan aurretik, Bagheerak esaten dio gizakiren baten etxetik Lore Gorria lortu behar duela. Oihaneko animaliek suari deitzen diote Lore Gorria, eta haientzat oso arma arriskutsua da. Animaliak ez dira Lore Gorria erabiltzera ausartzen, baina Mowgli ez da animalia. Suzko adar batekin jotzen du Shere Khan, eta honek oihanetik ihes egiten du. Mowgli orduan oihanetik joaten da eta Shere Khanen azalarekin itzuliko dela zin egiten du. Mowglik negar egiten du, eta Bagheera konturatzen da Mowgli jada gizon heldua dela.

Mowgli, oihanetik joan ondoren, jendea bizi den herrixkara doa. Hara iristen denean, Messua izeneko emakume batek eta bere senarrak laguntzen diote, uste baitute Mowgli aspaldi galdu zuten beren semea dela, tigre batek harrapatu zuena. Mowgli gizakien antzera hitz egiten eta bizitzen ikasten saiatzen da.

Mowgli bufaloak zaintzen hasten da lanean; lan horri esker Shere Khan akabatuko du. Bere anaia otsoekin batera bufalo-taldea izutzen du, eta horiek ihes egitean, Shere Khan zapaltzen dute.

Liburuaren mezua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu honek hainbat gauza irakasten ditu, esaterako, egoera guztiek zerbait berria ikasteko balio dutela. Istorioetan ere aipatzen da zeinen garrantzitsua den talde lana, adiskidetasuna, leialtasuna eta legeekiko errespetua, baita gure aldean desberdinak diren pertsonak hutsaren truke laguntzearen balioa ere.