Turbina

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Turbinaren barruko gurpil paladuna.<center>

Turbina motor bat da, uraren, airearen, lurrunaren edo gas baten indarrez biratzen den gurpil paladun bat daukana. Barruko gurpil hori biraka aritzen da, ura, airea, lurruna edo gasa haren barrutik pasatzen denean, eta gurpilaren ardatza mugitzen da horrela. Turbina sorgailu elektriko bati loturik dago eta ardatzaren biraketak energia elektrikoa sortzen du. Turbinak oso garrantzitsuak dira, haiek sortzen dutelako munduko ia argindar edo elektrizitate guztia; Turbinarik gabe, eguzki-panelak bakarrik erabil daitezke gaur egun argindarra sortzeko.

Nolako turbinak daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turbina mota desberdinak daude, barruko gurpila mugiarazten duen elementuaren arabera:

  • Ur-turbinak: urarekin mugitzen direnak dira. Batzuk ibai edo erreketan daude eta uraren mugimenduarekin, edota presa txiki batetik erortzen den uraren eraginez mugitzen dira turbina horien barruko gurpil birakariak. Turbina hauek pala gutxi dituzte, baina oso handiak, itsasontzi bateko helizeen antzekoak. Beste batzuk, berriz, urtegietan egoten dira, presa handietan; hauetan, ura altuera handi batetik erortzen da turbinen gainera. Turbina hauek pala gehiago izaten dituzte, baina txikiagoak.
  • Lurrun-turbinak: lurrunaren bidez mugitzen direnak dira. Zentral nuklearretan eta zentral termoelektrikoetan daude. Zentral hauetan, erregai fosilak (petrolioa, gasa edo ikatza) erabiltzen dute ura berotu eta lurruna sortzeko. Lurruna da gero turbinatik pasatu eta gurpila birarazten duena, elektrizitatea sortzeko. Turbina hauek pala ugari eta txikiak izaten dituzte; hegazkinen motorren antzekoak dira.
  • Gas-turbinak: airea eta gasa erabiltzen dute, oso konprimituta. Pala asko dituzte, nahiko txikiak. Hegazkinen motorren antz handiagoa dute.
  • Haize-sorgailuak: Energia eolikoa sortzen duten haize-sorgailu edo haize-errotek turbinak dituzte barruan. Sorgailu hauek hiru pala dituzte, oso handiak eta oso luzeak (100 metro luze izatera iristen dira), haizeak mugitzen dituenak.