Erregai fosil

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Petrolioa ateratzeko itsas-plataforma bat.

Erregai fosilak energia-iturri bat dira, petrolioa, ikatza eta gas naturala batez ere; fosil deitzen zaie, gai horiek aspaldi bizi izan ziren izaki batzuen hondakinak direlako, fosilen antzera.

Erregai fosilak eta haietatik ateratako produktuak gauza askotarako erabiltzen dira: elektrizitatea sortzeko, autoen eta bestelako ibilgailuen gasolina egiteko, etxeak berotzeko, plastikoak egiteko, etab.

Herri askok ekoizten dituzte erregai fosilak. Petrolio-ekoizlerik handiena Saudi Arabia da. Errusia munduko gas-erreserbarik handiena duen herrialdea da; eta ikatz-ekoizlerik handienak, berriz, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Txina dira. AEB dira erregai fosilak gehien kontsumitzen dituen herrialdea, bestalde.

Nola sortuak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregai fosilak duela milioika urte sortu ziren Lurrean; batez ere, duela milioika urte bizi izandako landareen, algen eta beste organismo batzuen ustelketatik sortutakoak dira, eta horregatik jatorri organikoa dutela esaten da. Organismo horiek lokatzarekin eta lurrarekin nahasi ziren eta, kasu batzuetan, solido bihurtu ziren, ikatza sortuz; beste kasu batzuetan, egoera likido baino oso trinkoan daude, petrolioa kasu; edota ustelketatik ateratako gasak dira (metanoa eta beste gas batzuk).

Erregai fosilen desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakia, batez ere, XVIII. mendearen bukaeratik ari da kontsumitzen era honetako erregaiak; eta azken 100 urteetan beste inoiz baino gehiago. Baina Lurrean dauden erregai fosilen kantitate mugatua da, eta, beraz, egunen batean agortu edo bukatu egingo dira; horregatik, erregai fosilak ez dira energia-iturri berriztagarriak: erabili eta gero, desagertu egiten dira.

Gainera, oso kutsagarriak eta ingurumenerako kaltegarriak dira: haien energia atera ahal izateko, erre egin behar dira, eta, prozesu horretan, karbono-dioxidoa (CO2) sortzen da, berotze globalaren errudun nagusietako bat. Hain zuzen, batez ere erregai hauek dira Lurraren atmosferako tenperatura igotzen ari direnak; hori berotegi-efektua deitzen dena handitzen ari da, eta hori oso kaltegarria izan daiteke izaki bizidun gehienentzat.

Bestalde, erregai fosilen erreketatik sortutako gasak atmosferako beste gasekin nahasten direnean, euri azidoa sor dezakete, kutsadura-mota oso arriskutsu bat, kalte handiak sortzen ari dena leku askotako basoetan eta landaretzan.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, zientzialariak lan handia egiten ari dira gaur egun, beste energia-iturri batzuk eduki ahal izateko; gero eta gehiago dira, adibidez, gasolinaren ordez elektrizitatea erabiltzen duten auto eta ibilgailuak; eta eguzki-energia, haize-energia edo bestelako energia berriztagarriak erabil daitezke etxeak berotzeko eta beste helburu askotarako.

Hala ere, erregai fosilak munduan gehien erabiltzen den energia-iturria dira (%80).