Espazioaren esplorazioa

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Sputnik 1 satelitea.

Espazioaren esplorazioa Unibertsoan dauden planeta, izar eta bestelako objektuen berri izateko gizakiek egiten duten ikerketa da. Horretarako, hainbat bide ditu: astronomia izeneko zientzia, espazioan behatzeko teknologia (teleskopioak, adibidez); baina baita espaziora egindako bidaiak, haietako batzuk astronautekin eta beste batzuk tripulaziorik gabe, Lurretik gidatutako zunda edo espazio-ontziekin.

Antzinako zientzialari batzuk ere saiatu ziren espazioa edo Unibertsoa ikertzen, Lurretik irten gabe, noski, hori ezinezkoa baitzen. Baina XX. mendean, zientzialariek espaziora gailuak bidaltzeko gaitasuna lortu zuten. Horrela, 1957tik aurrera, 5.000 gailu baino gehiago jaurti dira espaziora, informazioa biltzeko; haien artean, tripulatutako espazio-ontziak, tripulaziorik gabeko espazio-zundak eta sateliteak daude. Sobietar Batasuna (orain Errusia) eta AEBak izan ziren espazioa esploratu zuten lehen herrialdeak. Orain, berriz, beste herrialde asko sartu dira espazioaren esplorazioan.

Espaziorako lasterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean, zientzialariek Lurreko grabitatetik ihes egiteko bezain azkar bidaiatu zezaketen suziriak eraiki zituzten. Grabitatea planetaren erdigunerantz objektuak erakartzen dituen indar bat da Lurrean. Sobietar Batasunak lehen satelite artifiziala jaurti zuen 1957an, Sputnik 1 izenekoa, eta Lurraren inguruan orbitatu zuen. Geroago, Sobietar Batasunak txakur bat bidali zuen espaziora, izaki biziak horrelako bidaia batetik bizirik irten zitezkeen ala ez jakiteko. Hori frogatu ondoren, azkenik, 1961eko apirilaren 12an, Juri Gagarin izeneko kosmonauta errusiarra izan zen espaziora atera zen lehen gizakia. 1963an, Valentina Terexkova bihurtu zen espazioko lehen emakumea.

Ameriketako Estatu Batuek 1958an jaurti zuten beren lehen satelitea. 1961ean, lehen astronauta amerikarra irten zen espaziora; dena dela, Alan B. Shepard izeneko astronauta honek 15 minutu besterik ez zuen egin espazioan, eta ez zuen orbita bat osatu Lurraren inguruan. 1962an John H. Glenn izeneko astronauta batek hiru orbita egin zituen Lurraren inguruan. Estatu Batuek egindako misiorik arrakastatsuena, ordea, Ilargiraino lehen gizakiak bidali eta Lurrera itzultzea izan zen: 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrong astronauta izan zen Ilargiaren gainean ibili zen lehen gizakia.

1981ean, Estatu Batuek lehen espazio-ontzi berrerabilgarria asmatu zuten, Columbia transbordadore espaziala izenekoa. Haren atal nagusiak hegalak zituen eta orbitagailu izena zuen. Orbitagailuaren ondoan koheteak, erregai-tankeak eta oxigeno-tankeak zeuden. Erregai-tankeek Lurreko atmosfera zeharkatzen laguntzen zioten espazio-ontziari. Erregaia agortzean, bultzagailuak itsasora erori ziren, eta han berreskuratu ahal izan zituzten. Misio baten amaieran, Columbia orbitagailua Lurrera itzuli eta hegazkin bat bezala lurreratu zen.

Estazio espazialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estazio espazialak denbora luzez orbitan irauten duten espazio-ontziak dira. Zientzialariek egunak edo hilabeteak igaro ditzakete estazio batean esperimentuak egiten. Sobietar Batasuna 1971n hasi zen espazio estazioak jaurtitzen, eta Ameriketako Estatu Batuek 1973an egin zuten. Baina estazio horiek ez ziren luzaroan egon espazioan. Mir estazio sobietarrak askoz denbora gehiago iraun zuen orbitan, 1986tik 2001era.

1990eko hamarkadan, Estatu Batuek eta beste 15 herrialdek estazio espazial handi bat eraikitzea eta elkarlanean aritzea adostu zuten. Proiektu berriak Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) izena hartu zuen. 1998an hasi zen ISSaren eraikuntza espazioan. Lehenengo tripulazioa 2000ko azaroan hasi zen geltokian bizitzen.