Atmosfera

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Lurreko atmosfera espaziotik ikusita


Atmosfera gure Lur planeta eta baita beste planeta batzuk ere inguratzen duen gasezko geruza da. Airez osatuta dago.

Gure atmosferak lurrazaletik 1.000 Km-ko altuera du, gutxi gorabehera. Atmosferak gas asko ditu, eta gas horiek batez ere beheko zatian daude (Lurretik gertu).

Atmosferako gas nagusiak (airean daudenak) nitrogenoa eta oxigenoa dira. Nitrogenoaren proportzioa %78koa da, eta oxigenoarena %21ekoa. Kopuru txikiagoan atmosferak beste gas batzuk ere baditu: argona, karbono dioxidoa eta ur-lurruna, batez ere.

Atmosfera oso garrantzitsua da Lurreko izaki bizidun guztiontzat. Atmosferarik gabe, landareak, animaliak eta gu hilko ginatake. Zergatik da hain garrantzitsua? Arrazoi hauengatik:

  • landareek fotosintesia egin ahal izateko karbono dioxidoa behar dute, atmosferan dagoena.
  • animaliek eta guk atmosferako oxigenoa behar dugu arnasketa egin ahal izateko.
  • atmosferak tenperatura aldaketa handiak ekiditen ditu; atmosfera egongo ez balitz, Lurreko tenperatura oso altua izango litzateke egunean eta oso hotza gauetan (Marten bezala)
  • atmosferan dagoen ozono-geruzak izaki bizidunak babesten ditu eguzkiaren izpi ultramore kaltegarrietatik. Ozono geruzarik gabe, izpi kaltegarri horiek bizidun guztiak hilko lituzkete
  • Lurrera iristen diren meteoritoak desintegratzen ditu.