Vikidiatik

Figura erretoriko

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Izozmendi baten irudia, metafora bezala erabiliz, nortasunari buruzko azalpen batean.

Figura erretorikoak edo baliabide estilistikoak hizkuntzaren baliabide berezi batzuk dira, gauzak esateko modu berezi batzuk. Ahozko nahiz idatzizko hizkeran erabiltzen dira, batzuetan zerbait bereziki azpimarratzeko, esanari adierazkortasun handiagoa emateko halako irudi batzuk erabiliz; beste batzuetan, gauzak zuzen-zuzen esan beharrean, zeharka adierazteko, edota exajeratzeko. Batzuetan, figura literario ere deitzen dira, literaturan bereziki lantzen direlako, baina, esan bezala, ahozko hizkeran ere erabiltzen dira sarritan.

Figura erretoriko motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Figura erretorikoak asko eta era askotakoak dira. Hona hemen haietako garrantzitsuenak:

Soinuan oinarrituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliabide erretoriko batzuk hitzen soinuan oinarritzen dira, eta, horregatik, figura fonikoak deitzen dira. Haien artean, honako hauek daude:

  • Onomatopeia: benetako soinu edo hots bat imitatzen duen hitza. Adibidez: "Atea kask-kask jo", "Plisti-plasta uretan".
  • Aliterazioa: esaldi batean halako hots bat hainbat aldiz errepikatzea, batez ere kontsonanteren bat. Adibidez: "Txoritxoen txio txikiak", "Ustea erdia ustel".

Esaldien forma edo sintaxian oinarrituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliabide erretoriko hauek testua antolatzeko modu berezi batzuk dira. Haien artean, honako baliabide hauek daude:

  • Anafora: testu batean, hitz berberak errepikatzea esaldien hasieraz batez ere. Adibidez: "Nork daki egia zer den? Nork daki zer den gezurra? Nork daki bereizten non dagoen arrazoia?".
  • Paralelismoa: egitura sintaktikoak eta ideiak modu beretsuan antolatzea bi multzo edo gehiagotan. Adibidez: "Etxea hutsa, gerra hutsa", "Ezkur urte, elur urte", "Ez zen han neurririk, ez zen han mugarik, ez zen han gu bezain bihotz alairik".
  • Elipsia: esaldian osagairen bat kentzea, baina zentzua eta formaren zuzentasuna galdu gabe. Adibidez: "Zozoak beleari ipurbeltz" (hemen, "deitu dio" kendu da), "Urrutiko intxaurrak hamalau, bertaratu eta lau".
  • Hiperbatona: testu batean hitzak edo hitz multzoak berez dagokien lekuan ez beste batean jartzea. Adibidez: "Ea txalo bat diguzuen ematen", "Egin ongi nik diodana, eta ez gaizki nik dagidana" (hau da, "egin ezazu nik diodan ongia, eta ez egin nik egiten dudan gaizkia").

Mezuaren edukietan oinarrituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste baliabide erretoriko batzuek esaten diren gauzekin dute zerikusia, esanahiarekin; baliabide erretoriko semantikoak deitzen zaie. Irudi erretoriko hauek halako indar berezi bat ematen diote esaten denari, halako enfasi bat; entzule edo irakurlearen arreta erakartzeko modu bat da. Hona hemen haietako batzuk, zenbait adibiderekin:

  • Hiperbolea: gauzak gehiegikeriaz adieraztea da, batzuetan umorea erabiliz. Adibidea: Barrez lehertu ginen, Mila aldiz deitu dizut, Sudur kilometrikoa, Armairu beteko gizona (armairua bezain handia esateko).
  • Konparazioa: bi gauza edo ideiaren arteko antzekotasunean oinarritzen da. Adibidez: "Tximista baino azkarrago", "Haren hortzak perlak bezalakoak ziren", "Arrosa bezain ederra".
  • Metafora: Bi osagairen arteko antzekotasunean oinarriturik, errealitate bat beste errealitati bati dagokion hitz batekin ordezkatzea da. Konparazio batean oinarrituta dago, baina konparazioa ez da espreski eta zuzenean egiten, zeharka baizik. Adibidez: "Itsaso horren larru nabarra" (itsasoko ur-azala deskribatzean, larru hitza erabiltzen du, larruaren antzeko zerbait delako), "Zure begiradaren itsasoan naufragatuz".
  • Metonimia: gauza bati dagokion hitza erabili beharrean, horrekin zerikusiren bat duen beste gauza edo ideia bati dagokiona erabiltzea da; beti ere, halako harreman bat egoten da bi gauza edo ideia horien artean. Adibidez: "Mozart entzuten ari naiz" (berez, Mozarten musika izango da, ez Mozart bera), "Nire bihotza irabazi du" (maitasuna esan beharrean), "Oriok irabazi du estropada" (Orioko taldeak esan nahi denean), "Ford bat dauka" (Ford markako auto bat).
  • Sinekdokea: metonimiaren antzekoa da, baina, kasu honetan, gauza oso baten eta haren parte baten arteko erlazioan oinarriturik dago. Adibidez: "Egunero ateratzen zen oso goiz, ogia irabaztera" (lanera esan nahi du, janaria erosteko dirua irabazteko. Janaria da gauza osoa, eta ogia partea), "Urdaila baino ez zaio axola horri" (jatea besterik ez, alegia), "Teilaperik gabe daudenak" (etxerik gabe esateko), "Etxe hartan diru gutxi eta aho asko" (pertsona asko, jaten emateko, alegia).
  • Pertsonifikazioa: testuari bizitasuna emateko, pertsonak ez direnei pertsonen ezaugarriak ematea; hau da, objektu bizigabeei pertsonek egiten dituzten ekintzak edo dituzten sentimenduak ematea. Adibidez: "Gaua lotan dago", "Kilometro asko irentsi ditu nire autoak", "Ezpataren odol egarria", "Lurraren sabel beroa".
  • Ironia: benetan esan nahi denaren kontrakoa adierazten duen hitza erabiltzea. Adibidez: "Oso ondo pasatu nuen dentistarenean" (gaizki pasatu zuela esateko), "Gauza jakina da oso erraza dela euskara" (zaila dela esan nahi da).